Langile autonomoen lana eta familia bateragarri egiteko dirulaguntza onartu du Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 7a, 12:00

Nafar Lansarek 75.000 euro bideratuko ditu langile autonomoentzako, alde batetik, zazpi urtetik beherako adingabeak edo menpeko senideak zaintzeko langabeak kontrata ditzaten edo bertzela, langile autonomoak zaintzan ari diren bitartean haien partez aritzeko.

Bigarren kasu horretan, kontratua pertsona autonomoa ordezteko denean, laguntza bateragarria izanen da Gizarte Segurantzaren kuota-hobariekin.

Hilabetean guttienez 300 euroko dirulaguntza emanen dute, eta are gehiago kontratua landa ingurunean egiten bada eta kontratatua emakumezkoa baldin bada. 5.000 biztanle baino guttiago dituen herri bateko langile autonomoa bada edo emakumezkoa kontratatuz gero, 330 euro jasoko ditu hilabetean. Bi baldintza horiek betetzen baditu, berriz, 360 euroko laguntza izanen du.

Dirulaguntza lanaldi osoari dagokio eta langilea lanaldi murriztuan hartzen bada, dirulaguntza proportzionalki murriztuko dute. Guttienez hiru hilabeteko eta gehienez 12 hilabeteko kontratuak jaso ahal izanen dira.

Langile autonomoek dagoeneko eska dezakete dirulaguntza eta eskabidea aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, lan kontratua hasi eta biharamunetik hasita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun