'Buelta emaiozu, berdintasunean partekatu', Nafarroako Gobernuak zaintza eta etxeko lanetan erantzukidetasuna sustatzeko kanpainaren lema

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 2a, 09:00

Gizonen inplikazioa eta dedikazioa areagotzeko konpromisoa bultzatu asmo duen ekimena, uztailean hasi eta irailerarte luzatuko da

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez “Buelta emaiozu, berdintasunean partekatu” zaintza eta etxeko lanetan erantzukidetazuna zein kontziliazioa sustatzeko kanpaina abiatu du. Herritar guztiei zuzenduta dago, baina, bereziki, gizonek etxeko lanetan eta zainketetan duten inplikazioa eta dedikazioa areagotzeko konpromisoa eskatzen du, COVID-19 osasun-krisiak herritar guztien gizarte-, lan- eta hezkuntza-bizitzari eragin dion testuinguruan.

Kanpainak baditu beste bi xede: genero-estereotipoak eta emakume zaintzaileen rola ezabatzea eta zainketa-lanak balioan jartzea.

COVID-19ak Nafarroako emakumeengan izan duen eragina aztertu ostean, INAI/NABIk ondorioztatu du etxetik lan egiten duten emakumeek osasunerako oso onak ez diren ordutegiak (goizaldea edo atseden-orduak)  baliatzen dituztela, zainketak behar dituzten pertsonei arreta emateari edo eskolako lanei jarraipena egiteari lehentasuna ematen diotelako. Halaber, aurreikusten da jarduera ekonomikoaren eteteak pobrezia handiagoa ekarriko duela emakumeengan, lan-prekarietatea neurri handiagoan jasaten dutelako.

 

Kanpaina sustatzeko bideoak, diptikoak eta kartelak

INAI/NABIren zuzendari nagusiak, Eva Isturizek, kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan adierazi bezala, “krisiak ohartarazi eta kontzientziatu behar gaitu arlo publikoaren eta pribatuaren arteko erantzunkidetasuna ezinbestekoa eta derrigorrezkoa dela lanean ezarritako sexu-banaketarekin behin betikoz amaitzeko. Zaintzaile-rolak baldintzatuta, normalean emakumeak izaten dira zainketa-lanak beren gain hartzen dituztenak, eta, ondorioz, familia zaintzeko denbora eta neurri gehiago baliatzen dituzte”.

Ildo horretatik, azpimarratu du “balioak eta jarrerak aldatu behar direla nahitaez, berdintasun handiagoko gizartea eta harremanak eraikitzeko. Gizonek ere etxeko lanetan eta zainketetan parte hartu behar dute, eta kanpaina honen bidez erantzukidetasun hori beren gain hartzeko eskaera egiten zaie, espresuki”.

Kanpaina, euskaraz zein gaztelaniaz, uztailaren hasieratik irailaren hasierara arte luzatuko da, prentsan (idatzia eta digitala), telebistan, irratian eta sare sozialetan.

Hain zuzen, bideo baten bidez adingabekoen eta etxeko lanen zainketen erantzukidetasunean oinarritutako eta lan- eta kirol-eremuetan genero-estereotipoak bartez uzten dituzten irudiak zabalduko dira, emakume suhiltzaile zein futbolarienak, kasu. Irudi horiek kartel moduan ere argitaratuko dira hedabideetan.

Kanpainaren barruan haurrentzako ipuin bat ere zabalduko da: “Iguales diferentes. Un cuento para darle la vuelta". Eguneroko eremuetan, hots, familian, eskolan edo kirolean, genero-berdintasuna igortzeko baliabide pedagogikoa izatea du xede. Laster egongo da Nafarroako liburutegietan, formatu digitalean.

 

Kontziliazioa bultzatzeko neurriak

Kanpainaren baitan, gida bat kaleratuko da diptiko moduan, bizitza pertsonala, laborala eta  familiarra bateragarri egiten laguntzeko Foru Erkidegoak bultzatutako neurrien eta baimenen eta dirulaguntza-lerro guztien inguruen berri emateko.

Hala nola, lan-utzialdirako laguntzak, familia gurasobakarren kontziliaziorako prestazioak, kontziliaziorako neurriak eta eremuak sustatzen dituzten tokiko erakundeentzako dirulaguntzen lerroa, eta haurtzaindegi pribatuentzako laguntzak.

Horrez gain, Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioengatik etxeko langileen kenkaria % 25etik % 100era igoko da, ondorengoak, aurrekoak, beste senide batzuk edo desgaitasuna duten pertsonak zaintzeagatik. 2020an aplikatuko da kenkaria, eta mendeko pertsonen zaintzaileak kontratatzeko dirulaguntzak areagotu dira halaber.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun