Sandra Garayoa Cotera eta Itziar Otegi Aranburu egileek irabazi dute 2020ko Etxepare saria ‘Lorerik Gorriena’ albumarekin

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 1a, 20:00
2020ko Etxepare Sariaren irabazleak, antolatzaile eta epaimahaikideekin.

Etxepare sarian 35 lan aurkeztu dira, inoizko ediziorik emankorrena

Sandra Garayoa Cotero eta Itziar Otegi Aranbururen  Lorerik Gorriena albumak irabazi du 2020ko Etxepare Saria, aurkeztutako 35 lanen artean.  Albumak gutako  bakoitzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…

Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatutako epaimahaiak azpimarratu duenez, «Ipuin tradizionalen onena jaso, eta gaur eguneraino dakar haien leinua. Chestertonen erranetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakusten ahal dion gauzarik garrantzitsuena. Edo agian bitartekariak berak (dela guraso, irakasle, izeba edo aitatxi), jasoko duen irakaspenik handiena». Gainera, testua «sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presentzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia».

Ilustratzaileari dagokionez, «indar handiko irudiak sortu ditu gama kromatiko oso neurtu batekin. Gorriak eta beltzek pisu izugarria dute kontakizunean eta ipuin tradizionalarekin lotzeaz gain irakurlearen emozioak ukitzeko gai da lehen begirada batekin. Testura eta trazuekin jolastu du, deskripzioetatik urrunduz, eta sinbolismo eta sujerentziaz betetako mundu propio bat azalduz». 

Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2020ko udazkenean.

Iruñeko Udalak, Etxepare saria programan barne, antolatzen duen Biko-Teka topaketetan hartu dute parte saridun biek; batak idazle moduan (Itziar Otegi) eta besteak ilustratzaile lanetan (Sandra Garayoa).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun