Euskal Herriko lehen, bigarren eta hirugarren mailako aizkora txapelketak bertan behera utzi dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 1a, 12:00
Aurten ez da aizkora txapelketa ofizialik izanen. Argazkian, iazko lehen mailako finalistak.

Euskadiko Herri Kirol Federazioaren Zuzendari Batzordeak ekainaren 25eko bileran aho batez erabaki zuen 2020ko lehen, bigarren eta hirugarren mailetako Euskadiko aizkora txapelketak bertan behera uztea, osasun arrazoiak eta ekonomikoak direla medio.

Erabaki hori hartzeko arrazoien artean, «Udalek duten ziurgabetasun ekonomikoa eta jaiak bertan behera uzteak, kanpoko diru-laguntzarik gabe (udalak eta beste batzuk) edo sarreren salmentarekin behar besteko diru-sarrerarik lortu gabe antolatzearen ezintasunak, eta batez ere, Covid-19ren pandemiak eragindako osasun egoeraren ziurtasun-gabeziak, aurretik sumatu ezinezkoa eta bilakaera aldakorrekoa», aipatu zituzten

Hau dena guztia kontutan hartuta, txapelketek beraiekin dituzten zortzi proben antolakuntza normala bermatzea ezinezkoa dela ikusi zuten eta ekitaldi guztiak ez egiteak, alde batetik kategorien arteko igoera eta jaitsieretarako kaltea sortuko luke eta, bertzalde, kontratatutako egurraren jasan ezinezko kalte ekonomikoa.

Beraz, aurten ez da aizkora txapelketa ofizialik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun