Caparrosoko Valle de Odieta kooperatiba-sozietatea, esnetarako behi-aziendaren makro-ustiategiaren jabea izan da foru dekretuak ezartzen zituen mugen aurkako errekurtsoa jarri duena; izan ere, etorkizuneko planek makro-ustiategia are handiagoa egiteko asmoa baitute, gaur egun gutxienez 3.500 behi jezten dituzte bertan, eta Nafarroako esne guztiaren %20 baino gehiago ekoizten dute. Enpresa-proiektu hori, egun batean abeltzaina izan bazen, 2019ko NPBren kanpainan gutxienez 470.000 euroko laguntza publikoak jaso zituen bere abeltzaintza-ustiategiari lotuta. Gainera, enpresa horrek urteak daramatza Nafarroako hainbat eremutan lurrak pilatzen, eta gaur egun, ziurrenik, Nafarroako nekazaritza-enpresarik handiena izanen da lur-bolumenari dagokionez. Horregatik ere EHNE Nafarroak ezagutarazi nahi du, aipatutako NPB laguntzetan ez direla nekazaritzari lotutako lurrei lotutako laguntzak sartzen, eta, beraz, zenbatekoa askoz ere handiagoa izango litzateke.
EHNE Nafarroak 2019ko dekretu hori defendatzen du, nahiz eta bere garaian ustiategi bakoitzeko ezarri ziren neurriak askoz txikiagoak izatea eskatu, «gure ustez beharrezkoa delako ekoizpen-baliabideen, lurren, larreen eta aziendaren kontzentrazioari mugak jartzea. Familia ereduko ustiategiak defendatzeko baliabideen banaketa babestu behar da, eta Nafarroan ditugun 160 etxalde horietako batek guztiaren % 20 ekoizten badu, eta, gainera, handitu nahi badu, Caparroson fabrikatuko duten esnea beste pertsona batzuek ekoizteari utziko diote, familia tamainakoak desagertuz eta baliabideen eta merkatuen pilaketa etengabe bultzatuz».
Beraz, «jasangarritasun sozialaren izenean, baina baita ingurumen eta ekonomia eredu iraunkorraren alde eta landa-garapenaren alde benetan egin nahi badugu ere, lehen sektoreak merkatu librearen logikaren gainetik dauden mekanismo politikoak» behar dituela uste du EHNEk. Ustiapen neurriaren araberako mugak ezarri behar direla, askatasun ekonomikoari eta baliabideen metaketari ateak itxiz. Biharko egunean abeltzain eta nekazari gehiagok lurra landu dezaten eta biztanle guztientzako elikagaiak ekoitz ditzaten.