Euskarabidearen arabera, Baztan-Bidasoan eta Larraun-Leitzaldean herritarren %80 euskalduna da

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 26a, 10:00

Euskarabideak 2018ko Nafarroako Datu Soziolinguistikoen inguruko txostena argitaratu du eta horren arabera, Nafarroako euskal hiztunen kopuruak goiti egin du 2016tik 2018ra bitartean: 6.800 gehiago dira eta %14,1era ailegatu da. Adinaren arabera, gazteen artean izan da euskararen ezagutzaren gorakada handiena eta %11,8k egunerokoan euskara erabiltzen du. Eskualdeko herrien kasuan, TTIPI-TTAPAren eremuan dauden 25 udalerrietatik 19tan herritarren %80tik goiti euskalduna da.

Urtero Nafarroako Estatistika Erakundeak herritarren artean egiten duen inkestan oinarrituz ateratako ondorioak dira txostenean bildutakoak. 2018an, zehazki, euskararen ezagutzaren eta erabileraren inguruan egin zuten eta ordukoak dira datuak. Horren arabera, Nafarroa osoan, Baztan-Bidasoa eta Larraun-Leitzaldea –tartean, Arano, Areso, Goizueta eta Leitza– dira euskaldunen ehunekorik altuena dutenak. Bi eskualde horietan %80 euskaldunak dira, %6,8 euskaraz zerbait jakin bai baina ongi mintzatzen ez direnak (euskaldun hartzaileak) eta %13,2 erdaldunak. Zehazki, Euskarabideak egindako txostenean ageri denez, Baztan-Bidasoa eta Larraun-Leitzaldean 20.623 euskaldun eta 1.765 euskaldun hartzaile daude.

Euskararen gaitasunaren bilakaera Nafarroan

  Euskaldunak (%) Euskaldun hartzaileak (%) Erdaldunak (%)
1991 9,5 4,6 85,9
2016 12,9 10,3 76,8
2018 14,1 8 77,9

Txostenean ageri denez, gazteen artean izan da euskararen ezagutzan gorakadarik handiena eta 16 eta 24 urteko gazteen %24,5 euskalduna da. 25 eta 34 urtekoetan %21,8 euskalduna da, 35 eta 49 urte artekoetan %14,1; 50 eta 64 urtekoen artean %10,9 eta 85 urtetik goitikoetan %8,4.

Euskararen erabilera dagokionez, Nafarroako herritarren %11,8k neurri batean edo bertzean erabiltzen du euskara eta portzentajea %13,9koa da 16 eta 24 urteko gazteen artean. 1991an euskaraz erdaraz bezala edo gehiago aritzen zirenak %5,9 ziren eta 2018an %6ra igo da portzentajea. Orduan %3,2 ziren euskaraz erdaraz baino guttiago aritzen zirenak eta 2018an, berriz, %5,8. Eremu euskaldunean %48,2 dira euskaraz erdaraz bezala edo gehiago aritzen direnak eta %11,4 euskaraz erdaraz baino guttiago aritzen direnak.

Gisa berean, euskara soilik lehen hizkuntza izan dutenen artean, 2018koa da baliorik apalena: 1991n %8,1ek zuen euskara hutsa lehen hizkuntza eta 2018an %5,8k. Aldiz, gaztelaniarekin batera euskara lehen hizkuntza dutenen kopuruak goiti egin du: 1991n %2,1 ziren eta 2018an %3,3. Hizkuntzen eremuaren arabera, eremu euskaldunean %42,2k du euskara hutsa lehen hizkuntza eta %11,2k euskara eta gaztelania ditu lehen hizkuntzak.

Etxean gehien mintzaen diren hizkuntzei erreparatuz, Nafarroan euskara soilik erabiltzen dutenen kopurua %4,2koa da.

Txostenean euskarazko hedabideen kontsumoa ere neurtu dute eta 16 urtetik goitiko euskaldunen %43,1ek aitzineko astean prentsa idatzia irakurri izana onartu du eta %39,2k euskarri digitalean. %74,3k irratia edo podcastak aditu ditu edo euskarazko telebista ikusi du. 

Gune soziolingusitikoen osaera
Udalerriak gune soziolingustikoen arabera banatuak ageri dira txostenean, hau da, biztanleria euskaldunaren ehunekoaren arabera.

  •  1. gune soziolinguistikoa, euskaldunen ehunekoa % 20 baino gutxiago duten udalerriek osatua.
  • 2. gune soziolinguistikoa, euskaldunen ehunekoa % 20 eta % 49 bitartean duten udalerriek osatua.
  • 3. gune soziolinguistikoa, euskaldunen ehunekoa % 50 eta % 79 bitartean duten udalerriek osatua.
  • 4. gune soziolinguistikoa, euskaldunen ehunekoa % 80 eta hortik goiti duten udalerriek osatua.

Udalerri bakoitzak guneak sortzeko erreferentzia balioa du ondoan, 2011ko zentsuan oinarrituta.

Udalerria Guneak sortzeko erreferentzia balioa (%) Gune soziolingustikoa
Arano 81,5 4
Arantza 96,2 4
Areso 91,9 4
Baztan 74,9 3
Beintza-Labaien 90 4
Bera 62,6 3
Bertizarana 72,6 3
Donamaria 90 4
Doneztebe 67,5 3
Elgorriaga 81,9 4
Eratsun 92,8 4
Etxalar 75,2 3
Ezkurra 87,6 4
Goizueta 92,1 4
Igantzi 90,9 4
Ituren 89,5 4
Oiz 80,5 4
Saldias 88,6 4
Sunbilla 89 4
Urdazubi 80,2 4
Urroz 96,2 4
Zubieta 95,2 4
Zugarramurdi 92,1 4

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun