e-Remonte Beti Euskal Jai enpresa berria aurkeztu dute gaur Iruñean

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 24a, 13:51

Iruñeko Alde Zaharreko seigarren erremonte txapelketaren eta e-Remonte Beti Euskal Jai enpresaren aurkezpena egin dute Iruñeko Kondestable jauregian.

Lehen eta bigarren mailan antolatu duten Alde Zaharreko VI. Erremonte Txapelketa ortziralean abiatuko da Agoitzen

2020ko Iruñeko Alde Zaharreko VI. Erremonte Txapelketa aurkeztu dute ekainaren 24an, asteazken goizean Iruñeko Kondestable Jauregian. Bidenabar, erremonte enpresa berria aurkezteko ere baliatu dute ekitaldia: e-Remonte Beti Euskal Jai izena paratu diote.

Aurkezpen mahaian, Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Iruñeko Udalekoak, Agoizko Udalekoak, ADANOkoak, Nafarroako Pilota Federaziokoak, Euskal Jai Berri Erremonte Fundaziokoak, Fundazioaren babesleak eta txapelketa honetan parte hartuko duten erremontistetako batzuk egon dira, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra tartean, erremonte enpresa berriaren ordezkariekin batera.

 

Txapelketa ekainaren 26an abiatuko da Agoitzen eta finala uztailaren 18an Labriten

2020ko Iruñeko Alde Zaharreko VI. Erremonte txapelketan, lehen mailan lau bikote ariko dira: Zeberio II.a eta Azpiroz, Xanti Uterga doneztebarra eta Garcés, Josetxo Ezkurra II.a eta Agirrezabala eta Matxin III.a eta Ion. Bigarren mailan ere lau bikote izanen dira: Erburu eta Julen Larretxea doneztebarra, Beñat eta Otano, Aimar Jabalera eta Aimar Saldias doneztebarrak eta Aldabe eta Barricart.

Ortziralean 22:00etan Agoitzen hasiko den jaialdian, Aldabe eta Barricart, Jabalera eta Saldiasen kontra (bigarren maila) eta Zeberio II.a eta Azpiroz, Ezkurra II.a eta Agirrezabalaren kontra (lehen maila) ariko dira. Ekainaren 27an, larunbatean, 22:00etan Agoitzen Beñat eta Otano, Erburu eta Larretxearen kontra (bigarren maila) eta Uterga eta Garces, Matxin III.a eta Ionen kontra (lehen maila) ariko dira. Uztaileko lehenbiziko bi ortzirale eta larunbatetan jokatuko dituzte lehen faseko hurrengo partidak, denak Agoitzen. Ekainaren 16 eta 17an Iruñeko Labriten jokatuko dituzten finalaurrekoetan, ligaxkan lehenbiziko gelditzen diren bikoteak laugarrenen kontra eta bigarrenak hirugarrenen kontra ariko dira bi kategoriatan. Irabazleek finalak jokatuko dituzte uztailaren 18an Labriten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun