IXA webserieko zuzendari-taldea

«Aurretik bizi ez duten esperientzia bat aurkituko dute ikus-entzuleek IXA webseriean»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 23a, 20:00

IXA webseriean lan egin dutenetako batzuk.

Ortzirale honetatik hasita, IXA webseriea ikusgai izanen da erran.eus webgunean. Ekaineko hondar ortziralean eta uztaileko bortz ortziraletan, beraz, zientzia-fikzioa oinarri duen webseriea ikusteko aukera izanen da 20:00etan.

Nondik sortu zen Ixa websaila egiteko ideia?

Unibertsitateko proiektu baten moduan hasi zen Ixa. Gaur egungo ikus-entzunezko kontsumoaren joerak aztertu ostean, denboraren erabileraren eta teknologia berrien inguruan hausnartzeko edukia sortzea erabaki genuen; horretarako, interesgarria iruditu zitzaigun soilik mugikorrean ikusteko atalak sortzea. Ideazio fasea amaitu ostean, 2deok atera berri zuen deialdiaren berri izan genuen eta aurkeztu egin ginen. Beste proiektu batzuekin batera hautatuak izan ginen; horri esker, grabazioak aurrera ateratzea lortu genuen.

Zer aurkituko dute ikus-entzuleek sei kapitulu horietan?

Aurretik bizi ez duten esperientzia bat. Sei atal dira eta bakoitzak denboraren ikuspegi ezberdin bat jorratzen du. Egunerokotasunean ikusten ditugun gaiak aurkituko dituzte ataletan, eta pertsonaien eskutik murgilduko dira sei mundu horien barruan. Atalak elkarren artean independenteak dira; beraz, generoetan ere aldaketak aurkituko dituzte.

Nolakoak izan ziren grabazioak? Eta aktoreekin lan egitea?

Grabazioak gogorrak izan ziren. Zortzi egun egon ginen saila grabatzen, sei lokalizazio ezberdin geneuzkan, horrek erronka handia zekarren. Gainera, diru aldetik oso mugatuak geunden. Egunero aldatzen ginen lekuz eta aktore zein figurazio guztia ere aldatzen zen. 100 pertsonak baino gehiagok parte hartu dugu modu batean edo bestean Ixa sail bertikalean. Aktoreekin lan egitea plazer handia izan zen, ikaragarri ikasi dugu haiekin batera eta eskertzekoa da ordutegi neketsu horiekin egin zuten esfortzua.
Talde gaztea bildu genuen eta denok oso gogotsu aritu ginen, giro oso ona izan genuen. Orokorrean, oso esperientzia positiboa izan da, asko ikasi dugu.

Euskaraz eta bertikalean. Lehenak izan zarete fikzio bat egiten. Erronka izan da zuendako?

Erronka oso handia izan da guretzat eta taldearentzat. Horrelako ikus-entzunezko proiektu batean gure lehen esperientzia izan da; momentu askotan, zaila izan dugu proiektua aurrera ateratzea. Gainera, oso argi genuen euskaraz sortu nahi genuela, eta horrek ere bere berezitasunak dakartza. Baina egoerari aurre egin genion, eta horretan ere zorte ikaragarria izan genuen bildutako taldearekin. Aurreikusita ez genituen zailtasun askorekin lagundu digute eta argi daukagu haiek gabe proiektu hau ez zela zuen poltsikoetan egongo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun