Galeano ahizpek eta Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendik jokatuko dute Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako pilota goxoko finala

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 22a, 12:00

Finalerdietan Ainhoa Ruiz de Infanteri eta Amaia Jakari eta Irantzu Etxebesteri eta Ane Urkizuri irabazi zieten, hurrenez hurren

Nagore eta Leire Galeano ahizpek (16-18 Ainhoa Ruiz de Infante eta Amaia Jakaren aurka) eta Iera Agirre leitzarrak eta Maite Ruiz de Larramendik (3-18 Irantzu Etxebeste beratarrari eta Ane Urkizuri) emakumeen esku pilotaren etorkizunaren eta orainaren arteko finala eskainiko digute Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko pilota goxoko azken partidan hurrengo igandean Irungo Urantzu pilotalekuan, larunbatean Elgoibarren jokatutako finalerdietan garaipena eskuratu odnotik.

Esku pilota bueltan da eta bigarren finalerdian emozio gutti izan bazen ere, dena normaltasunez eta primeran joan zen larunbat eguerdian Elgoibarko Ikastolako pilotalekuan jokatutako binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko pilota goxoko finalerdietan. Legeak baimendutako 163 ikusleen edukiera bete egin zen eta giro polita bizi izan zen itzulerako jaialdi honetan. Harmailetan segurtasun-tartea gorde zen, eta kontrola izan zen sarreran: gorputzeko tenperatura hartu zioten mundu osoari, eskuak garbitu behar izan zituzten gel hidroalkoholikoarekin, eta mundu guztia maskara jantzita sartu zen.

Jaialdiko lehen partidan, Antzuolako ahizpa gazteek txapelketako ezustekoa direla berretsi dute. Txapelketako eskaileran behe-behetik ekin behar izan zioten eta, sei partida irabazita, 15 eta 13 urte besterik ez dituzten pilotariek goraino heltzea lortu dute. Euren adinak bestelakorik pentsatzea eraman gaitzakeen arren, kolpe eta defentsa bikainaz gain, urduritasunak kudeatzen ere badakitela erakutsi zuten. Izan ere, zazpi berdinketa izan zituen lehia batean, azkena 15-15, Ainhoa Ruiz de Infante eta Amaia Jakak baino askoz huts gutxiago egin zituzten eta horrek eman zien finalerako txartela.

13 urte baino ez dituen arren, Leire Galeanok maila bikaina erakutsi zuen, ezkerrez pilota ongi luzatu eta huts gutxi eginez. Atzelari ezkerrak gutxi izan dira esku pilotaren historian, baina mito hau ere behera bota dute emakumeek.

Oso bestelakoa izan da Iera Agirre leitzarrak eta Maite Ruiz de Larramendik Irantzu Etxebeste beratarraren eta Ane Urkizuren aurka jokatutako partida (3-18). Kasu honetan bai, eskarmentua erabakigarria izan zen eta garaileek arrakalarik erakutsi ez zuten bitartean, Berakoa eta Berastegikoa euren mailatik urrun ibili ziren.

Urkizuk kolpe freskoa erakutsi bazuen ere, bere pilotakadetan segurtasun eta kontrol gutxi izan zuen eta 10 pilota galduta, maldan goiti jarri zitzaien partida. Iera Agirrek, bere aldetik, ederki asmatu zuen aurrean izan zituen aukeretan eta partidak ez zuen historiarik izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun