GUTUNA: Udako fenomeno aldaketa

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 19a, 19:00

Udako fenomeno aldaketaz ari da Itziar Bazterrika iritzi artikulu honetan, «etxe guztietan errepikatzen den irudi beraz», hau da, «igerileku urdin bezain zabal batena». Horren harira, haurtzaroan errekan pasatzen zituen udako arratsaldeak ekarri ditu gogora eta «gizakiak, haurrak bereziki, izaki sozialak garela, eta lagunekin harremanak izateko eta komunikatzeko beharra ezinbertzekoa dugula» oroitarazi du.

Ortzeguna da, egunero bezala nire zakurrarekin atera naiz paseo bat emateko intentzioz. Herrian barrena ez dabil jende aunitzik, oraindik goiz da. Etxe ederren atarietatik pasatu naiz, txalet berrietatik, lorategi zabala duten hainbat bizitokitatik. Guztietan irudi bera errepikatzen da, pistina urdin bezain zabal batena. Oinez hurbiltzen naizen heinean, hainbat motatakoekin egiten dut topo: puzgarri modukoekin, desmuntagarriak direnekin, edota lurrekoekin, kasu bakanen batean. Azken hilabetean, ikaragarri hazi omen da hauen salmenta gure eskualdean. Herri txiki hauetan, klase sozialen arteko aldeak handitzen dituen fenomeno baten aitzinean gaudela erratera ausartuko nintzateke.

Argi dago, gainean dugun uda bereziaren argazkia izango direla, eta beldur naiz azken boladan hainbertze faltan bota dugun plaza giroari kalte eraginen ote dion. Familia bakoitza bere etxean, bere seme-alabekin geldituko ote den, uda giro indibidualista baten atarian egonen garen.

Ez dut nire haurtzaroa horrela oroitzen, guk errekan pasatzen genituen udako arratsaldeak:  animaliak ikertzen, harriekin presak egiten edo aitak lanetik ekarritako gurpilen kamerekin herria gurutzatzen. Naturarekin izaten genuen kontaktua zuzena zen. Gauzak aldatu dira, egia da, egungo bizimodura egokitu behar dugu.  Baina, jasan dugun konfinamendu honek zerbait argi utzi digula uste dut, gizakiak, eta haurrak bereziki,  izaki sozialak garela, eta lagunekin harremanak izateko eta komunikatzeko beharra ezinbertzekoa dugula.  

Itziar Bazterrika, 2020ko ekainaren 19a

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun