Putreen erasoak direla eta, irtenbideak eskatu dizkio EHNEk Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 19a, 11:00

«Putreen populazio neurrigabea konpontzeko Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak neurriak hartzeko garaia ailegatu da». Halaxe adierazi du Nafarroako EHNEk ohar bidez. Nekazarien sindikatuaren ustez, «putreak bere ohitura naturalak aldatu ditu hegazti sarraskijale gisa, eta jarrera oldarkorragoak hartu ditu aziendei eraso eginez».

EHNEren irudiko, «argazkiko irudia, zoritxarrez, ez da salbuespena eta arrotz izateari utzi dio». Kontrakoa gertatzen ari dela salatu du: «sai arreen presentzia, erditze-garaian ukuilu eta korteetan, gizakiari batere beldurrik gabe, ohiko egoera bihurtu da, eta gure artzainek egoera horri aurre egin behar diote».

Espezie hori «normalean beldurtia eta zuhurra» dena, «ohiturak aldatzen» ari delakoan dago sindikatua: «ganadua hazteko ohiko lanerako arriskutsu bihurtzeraino,  abeltzain aunitzek erditze garaian euren animaliak ia modu iraunkorrean ukuiluratzera behartuz».

Egoera ikusita, Ingurumen Departamentuari horren berri ematea erabaki du EHNEk eta adierazi duenez, «Pablo Muñoz ingurumeneko zuzendari nagusiak arazo hori badagoela onartu zuen, baina erasoak gertatuz gero, laguntza ekonomiko batzuk badirela aipatzeaz gain, ez zuen horri buruzko irtenbiderik eman». Ordain horiek jasotzeko albaitari baten aldeko txostena behar omen da, «abereari hil aitzinetik eraso egin diotela aitortuz». Baina sindikatuaren hitzetan, «aunitzetan ez da erraza hori frogatzea, putreek osorik jaten dutelako azienda. Hala diote artzainek».

Horregatik, «abeltzaintzako ustiategien jasangarritasunerako garrantzi berezia duen garai batean horrelako kalte-ordainen kudaketa arintzeko» eskatu du EHNEk eta aldi berean, «horrelako egoerak eguneroko bihurtzea eragotziko duten erabaki eraginkorrak hartzeko» eskatu du. «Hegazti sarraskijaleek funtsezko eginkizuna betetzen dute kate trofikoan, eta gure azienden erabilera tradizionalarekin batera bizi izan dira historikoki. Hala ere, uste dugu hegaztien ugaltzea arazo bihurtu dela, eta aurre egiteko garaia dela, haien kontserbazioa kudeatzen duten erakundeen eta erasoen eraginpean daudenen artean adostutako konponbideak bilatuz».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun