Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izanen du batetik bertzera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dugu hurrengo hilabeteotan. Horregatik, eskualdean Arantza, Baztan, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi eta Lesakako udalek eta hainbat eragilek bat egin dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Bertatik Bertara kanpainarekin, herritarrei eta bisitariei erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat goza daitekeen nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari helduta.
Beti ere udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela atzendu gabe.
«Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere» dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako kanpainaren honetarako prestatatutako karteletan eta mahai-gainekoetan ageri den testuak. Zehazki, horiek izango dira lehenbiziko hilabete hauetan kanpainaren erakusleiho nabarmenenak. Kanpainaren lehen euskarriak udako lehen hilabeteetarako aurreikusi eta prestatu ditu UEMAk.