Sorterria utzi eta milaka eta milaka kilometro egin ondotik ailegatu ziren Euskal Herrira. Batzuek urteak daramatzate gure artean, guttiago bertze batzuek. Denak bizimodu hobe baten bila etorri ziren, horietako aunitz seme-alabak eta gainerako senitartekoak sorterrian utzita, haiei laguntza bidali ahal izateko lan bila, bere garaian euskal herritar aunitzek egin zuten bezalaxe.
Bidea, ordea, ez zaie erraza egiten ari, eta hori ongi baino hobeki dakite Nikaraguatik etorri ziren Helen Judith Cordobak, Lenar Joaquin Lauk, Juan Manuel Matutek eta Yara Sabrina Diazek, Keyline Gutierrezek edota Jimmy Arausek, Nigeriatik etorri zen Vennisa Imafidonek edota Costa Ricatik ailegatu zen Francia Elena Sandovalek. Paperik ez izateak zailtasunak sortzen dizkie, eta paperak lortuta ere ez dira arazo guztiak desagertzen. Hori are ageriagoan gelditu da Covid-19ak sortu duen egoeran.
Bizitegi-baimena
Espainiar estatuko Atzerritarren Lege Organikoaren arabera, paperak lortzeko etorkinek estatuan hiru urte erroldatuta egin behar dituzte, baina hiru urte horietan, ezin dute era legalean lanik egin. Hortaz, nola edo hala bizi behar dute.
Behin hiru urte pasatuta, bizitegi-baimena eskuratzeko prozedura has dezakete eta horretarako hainbat modu dituzte: familia errotzea, lan errotzea eta gizarte errotzea. Lanera etorri diren etorkinen kasuan, baimen hori lortzeko hainbat baldintza bete behar dituzte. Alde batetik, gutxienez aitzineko hiru urtetan segidan estatuan erroldatuak izan direla frogatu behar dute, eta hori erakusteko bidea udaleko errolda-agiria izaten da. Horrekin batera, ez espainiar estatuan ezta jatorrizko herrialdean ere, aurrekari penalik ez dutela frogatzen duen legezko ziurtagiria aurkeztu behar dute, gaztelaniara itzulia. Gainera, guttienez urtebeteko luzapena duen lan kontratua aurkeztu behar dute eta kontratua egiten duenak kaudimen nahikoa duela ziurtatzen duen agiria aurkeztu behar du eta gizarte segurantzan alta eman beharra dago.
Hori guztia aurkeztutakoan, Gobernuaren Ordezkariordetzak eskaera onartzen badie, aldi baterako bizitegi-baimena lortzen dute. Baimen hori lehenbizi urtebetera, eta gero bi aldiz bi urteren buruan berritu behar dela dio legeak. Hala, bortz urtez aldi baterako bizitegi-baimena izan ondotik, epe luzeko baimena eska dezakete eta hori bortz urtetik behin berritu beharrekoa dute.
Herritartasuna
Herritartasuna lortzeko, orokorrean, paperak lortzen dituztenetik hasita, hamar urte eskatzen dituzte, baina jatorriaren araberakoa da. Errefuxiatu izaera onartzen dietenean, bortz urterekin lor dezakete, baina horretarako etniagatik, erlijioagatik, ideia politikoengatik edota gizarte-taldeen aldetik jazarriak izan direlako herritik joan direla frogatu behar dute. Epea bi urtekoa da herrialde iberoamerikarretan, Andorran, Filipinetan, Ekuatore Ginean edo Portugalen jaioak baldin badira edo jatorri sefardia baldin badute. Urte batekoa da, berriz, espainiar estatuan jaiotakoentzat, estatuko norbaitekin urtea baino gehiago badarama ezkonduta edo estatuko norbaiten alarguna baldin bada.
Estatutik kanpokoen immigrazioa
HERRIA | 2008 | 2010 | 2005 | 2001 |
Arano | 0 | 0 | 0 | 0 |
Arantza | 2 | 2 | 0 | 0 |
Areso | 0 | 0 | 0 | 0 |
Baztan | 91 | 38 | 33 | 4 |
Beintza-Labaien | 0 | 2 | 0 | 0 |
Bera | 47 | 29 | 23 | 4 |
Bertizarana | 2 | 6 | 0 | 5 |
Donamaria | 2 | 0 | 0 | 0 |
Doneztebe | 33 | 14 | 15 | 20 |
Elgorriaga | 1 | 0 | 0 | 0 |
Eratsun | 0 | 0 | 0 | 0 |
Etxalar | 10 | 3 | 17 | 0 |
Ezkurra | 0 | 6 | 0 | 0 |
Goizueta | 10 | 3 | 2 | 0 |
Igantzi | 12 | 1 | 2 | 0 |
Ituren | 6 | 6 | 0 | 0 |
Leitza | 19 | 16 | 11 | 8 |
Lesaka | 14 | 18 | 18 | 5 |
Oiz | 4 | 0 | 1 | 0 |
Saldias | 1 | 1 | 0 | 0 |
Sunbilla | 4 | 7 | 4 | 0 |
Urdazubi | 0 | 0 | 0 | 2 |
Urroz | 1 | 1 | 0 | 0 |
Zubieta | 2 | 0 | 2 | 0 |
Zugarramurdi | 0 | 0 | 0 | 3 |
«Sorterrira egitekoa nuen bidaiarik eta lanik gabe geldituko naiz»
Yara Sabrina DIAZ GONZALEZ, Elizondon bizi den nikaraguarra
Nikaraguan «lan finkorik ez» zuelako erabaki zuen 40 urte dituen Yara Sabrina Diaz Gonzalezek Elizondora etortzea, «orduan 9 eta 5 urte zituzten semeak han utzita». Duela lau urte izan zen, eta haiek ikusi gabe dago geroztik: «bidaiatzeko behar den bizileku-baimena lortzeko hiru urte behar dira». Lortua zuen hori ere, eta hainbertze denboran esperoan egon ondotik, martxoaren 24an joatekoa zen sorterrira bisitan: «baina koronabirusaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan nuen». Elizondon bizitzen zein Erratzun lanean «gustura» badago ere, «arras gogorra» egiten zaio semeak urruti izatea: «ezin ditut ekarri, ez dudalako egonkortasunik». Lan eta lo egiteko toki bila «batetik bertzera» ibili izan da, eta azken urtean lana ziurtatua izan badu ere, «urrian, koronabirusa tarteko, lanik gabe geldituko naiz».
«Lanik gabe egoteak kezka eta beldurra sortzen dizkit»
Jimmy Ali ARAUX BALNDON, Arantzan bizi den nikaraguarra
2019ko otsailetik Arantza dute bizileku Jimmy Ali Araus Blandon nikaraguarrak eta bere familiak. «Hasiera gogorra» egin zitzaion, baina, gaur egun, «kontent» bizi da, «herritarrek beso zabalik» hartzeaz gain, «babes handia eskaini digutelako». Legalki, asilo- eskaera egin dute, baina koronabirusak prozesua gibelatu die, baita lana kendu ere: «konfinamenduarekin dena gelditu zenean lanik gabe gelditu nintzen». Horrek «kezka» sortzen dio, «semeei begira hagitz garrantzitsua» baitu lana. Hortaz, «lanerako baimena eta gidabaimena lortzea» dira bere lehentasunak, «herritik kanpo lanerako aukera gehiago izanen bainuke». Hilabete hondarrera ailegatzeko «arazoak» izaten dituztela ere erran digu, eta «gizarte zerbitzuen eta herritarren laguntzarekin» egin omen dute aitzinera. Horren harira, «hagitz eskertuak gaude».
«Orduka han eta hemen lan eginez bizirauten ari gara»
Juan Manuel MATUTE CANALES, Elizondon bizi den nikaraguarra
«Aukera handiko herrialdea» zela pentsatuz, eta Nikaraguan, «kontabilitateko ikasketak egin arren, lanerako aukerarik ez zegoela» ikusita, «arriskatzea erabaki» zuen 28 urteko Juan Manuel Matute Canalesek duela bi urte. Halaxe lurrartu zuen Elizondon eta «kontent» dago: «Bidelagun Elkartean parte hartzen hasi nintzen eta harrera ederra egin zidaten». Baina dena ez da nahiko lukeen bezalakoa. Ez du paperik eta hori oztopoa da: «paperak behar bezala ez badituzu, ez zaituzte kontratatzen, eta orduka han eta hemen lan eginez bizirauten ari gara». Koronabirusa tarteko, «asteburutan nuen lanik gabe» gelditu da eta Baztango Udalaren elikagai bonua ere eskatu behar izan du. Egoera «gogorra» dela dio eta etorkizuna ere «ziurtasunik gabea» ikusten du. Hala ere, «aitzinera eginen dugula uste dut».
«Gogorra da lanera etorri eta horretarako aukerarik ez izatea»
Keyline GUTIERREZ ZELAIA, Leitzan bizi den nikaraguarra
Konfinamendu atarian, martxoaren 6an, ailegatu zen Keyline Gutierrez Zelaia 28 urteko nikaraguarra Leitzara, «9 urteko alaba gogoan, hura eta familia mantendu ahal izateko bizimodu hobearen bila». Egoerak, ordea, ez dio lagundu, eta «osasun aldetik ongi, baina lan aldetik gaizki» dabilela dio: «etorri nintzenean lana berehala harrapatuko nuela uste nuen, baina pandemiarekin ezin izan dut, eta gogorra da». Lagun batengan eta gizarte zerbitzuetan bilatu du babesa: «lana harrapatu arte lagunak bere pisuan gelditzen utzi dit eta gizarte zerbitzuetan lan kontuekin laguntzen ari dira eta janari bonua eman didate». Une zaila tokatu bazaio ere, eta alabaren «falta handia» sumatu arren, «hemen segitu» nahi du, «lan bila». Eta argi du «oraingoz, egoera halakoxea izanda, nahiago dudala alaba ez ekarri».
«Ez dut bertzeen laguntzarekin bizi nahi, nik lana nahi dut»
Lenar Joaquin LAU MARTINEZ, Elizondon bizi den nikaraguarra
«Triste» eta «nahi eta ezinean». Halaxe dago duela bi urte Elizondora ailegatu zen 29 urteko Lenar Joaquin Lau Martinez. 6 eta 4 urteko haurren atta izaki, «Nikaraguan egoera zaila zelako eta lanean egonkortasuna bilatu nahian» etorri zen, baina «egunero pentsatzen dut sorterrira bueltatzea». Hiru hilabete daramatza lanik gabe, «hiru hilabete semeei deus bidali gabe», eta «gogorra» egiten ari zaio. Egoerak hala behartuta, senitartekoei laguntza eskatu behar izan die, baina «lotsa» sentitzen du: «beti bakarrik atera naiz aitzinera eta ez nintzen bertzeak molestatzera etorri, lanera baizik. Paperik gabe, lanetik noiznahi botatzen zaituzte, eta logela bat hartzeko sosik ere ez dudanez, familiakoei molestatuz ibili naiz». Orain, «arrebaren laguntzarekin bizirauten» ari da, «baina ez dut horrela segitu nahi. Lana egin nahi dut».
«Lanik eta langabezia saririk gabe egunean egunekoarekin bizi gara»
Vennisa Osamede IMAFIDON OKUNGHAE, Lesakan bizi den nigeriarra
Bizitza gogorra izan du 43 urteko Vennisa Osamede Imafidon Okunghae nigeriarrak. Ez ditu atzenduak pateran eginiko bidaia, ez Marokon agertu ez zen izebaren esperoan egindako bi urteak, edo urteotan gainditutako oztopoak. Baina egun, «kontent» bizi da Lesakan semearekin eta ez du sorterriaren faltarik sumatzen: «bi anaiorde ditut baina ia ez ditut ezagutzen». Duela bi urte herritartasuna lortu zuen, baina horrek ez dizkio bere arazoak uxatu: «momentu honetan hilabete hondarrera ailegatzeko arazoak ditut». Koronabirusa tarteko, «karrikak garbitzen eta ostatu batean» egiten zituen lanik gabe gelditu da eta horrek «estu» jarri du: «langabezia saria bukatu zitzaidan eta egunean egunekoarekin bizi gara». Etorkizuna ere ez du argi ikusten. «Pixka bat hobea» izatea nahi luke, «bizitzeko gutti» aski duelako.
«Bizitzan gure helburuak lortzeko sakrifizioak egin behar dira»
Francia Elena SANDOVAL ACOSTAS, Costa Ricatik Goizuetara etorria
«Costa Rica eta han dituen senarra eta 19, 13 eta 7 urteko seme-alabak utzita» duela urte bat etorri zen Francia Elena Sandoval Acostas 38 urteko nikaraguarra Goizuetara, «Goizuetan eta Ezkurran ditudan ahizpen arrimuan». Lana harrapatu eta «familiari laguntzeko» egin zuen bidaia, eta hala, «otsailean hil zen arte adineko bat zaintzen aritu nintzen». Hortik, aitzinera, «Covid-19ak oztopoak» baino ez dizkio sortu, «dena itxita eta denak etxean zailagoa izan da lana bilatzea». Maiatzaren 25ean, ordea, «orduka lan batzuk egiteko deia» jaso zuen eta «oso pozik» dago. «Gogorra eta zaila» egiten zaio familiarengandik urruti egotea, baina argi du helburua: «familiari laguntzeko lanera etorri nintzen, gure laguntzaren beharrean daudelako, eta bizitzan ditugun helburuak lortzeko sakrifizioak egin behar dira».
«Etorkizuna are zailagoa izanen da etorkinontzat»
Helen Judith CORDOBA, Elizondon bizi den nikaraguarra
«Beharrak» bultzatuta utzi zuen 42 urteko Helen Judith Cordobak Nikaragua, eta «hobeki bizitzeko eta familiari laguntzeko asmoz» Baztanera ailegatu zen, duela zortzi bat urte. Hasieran, «ia urte batez» Azpilkuetan bizi izan zen, «izeba bat bizi den baserrian», eta egun Elizondo du bizileku. Onartu digu «hasiera arras zaila» izan zela, «paperik gabe lana bilatzeko oztopoak» izan zituelako. Baina bizileku-baimena lortutakoan «egoera hobetu» omen zen. Covid-19aren kontuak, ordea, okerrera eraman du, «ekonomikoki gaizki» baitabil: «azaroan zaintzen nuen adinekoa hil egin zen eta lan bila ibili ondotik, ostatu batean lana lortu eta zortzi egunetara alarma egoera ezarri zuten». ERTEtik «oraindik ez dut deus jaso» eta udalaren janari bonoa eskatu behar izan du. Etorkizuna ere «zaila» ikusten du, «are zailagoa etorkinontzat».