Nafarroako Gobernuak 363.000 euro bideratuko ditu suhiltzaile boluntarioen taldeek zein babes zibilerako kualifikazioa duten boluntariotza elkarteek gauzatutako ekintzentzako.
Lehendabiziko deialdiak helburu du Cintruénigo, Milagro, Tutera eta Sartagudako Tokiko Elkartearen babes zibileko udal taldeak finantzatzea. Horretarako guztira 90.000 euro bideratuko dira: 70.000 gastu arruntetarako eta 20.000 inbertsioetarako. Interesa duten entitateek Nafarroako Gobernuaren web atariko izapide katalogoan argitaratutako fitxan aurki daitekeen Erregistro Elektronikoaren loturaren bitartez egin dezakete, ekainaren 3tik 30era arte.
Bigarren deialdia suhiltzaile boluntarioen taldeak dituzten Nafarroako udalei dago zuzendua, zehazki honakoei: Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaide. Udal horiek Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena dute sinatuta. Guztira 203.000 euro bideratuko dira: 181.000 euro gastu arruntetarako eta 22.000 inbertsioak egiteko bai obrak gauzatzeko zein elementu inbentagarriak erosteko. Udalek eskaerak aurkeztu ditzakete Nafarroako Gobernuko izapideen atarian argitaratutako fitxa horren bitartez ekainaren 30a bitartean.
Hirugarren deialdia, eta azkena, babes zibilaren arloan jarduera berariazkoa eta kualifikazioa duten boluntariotza elkarteentzako dago zuzenduta, aurrez Nafarroako Gobernuarekin adostutako hitzarmenetan zehaztutakoaren arabera. Elkarteek laguntza eskainiko dute bilaketa eta erreskate lanetan, larrialdi handietan, mendiko istripuen prebentzioan zein arreta psikologikoan. Nafarroako Gobernuak elkarte horiei 70.000 euro bideratuko dizkie: 55.000 gastu arruntetarako eta 15.000 inbertsioetarako. Dirulaguntza eskatzeko epea ekainaren 30ean amaituko da eta izapide fitxa honen bitartez egin daiteke eskaera.