Nafarroako haurtzaindegiek kontziliaziorako zerbitzu gisa egin ahal izanen dute beren jarduera

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 9a, 12:00
Protokoloaren arabera, halaber, «ez da komenigarria 0 eta 3 urte arteko haurren aurpegiko maskara erabiltzea».

Nafarroako Gobernuak egindako protokolo bat bete beharko dute, zaintzaile bakoitzeko 5 umeko ratioa jasotzen duena

Haurtzaindegiek eta etxe adiskideek Nafarroa konfinamendu arintzearen 3. fasera igarotzearekin batera egin ahal izanen dute beren jarduera, lana eta familia bateragarri egiteko zerbitzu gisa. Horretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako protokoloa jarraitu beharko dute, Eskubide Sozialetako Departamentuko Familia Zuzendariordetzak eskatuta. Dokumentu horretan, gomendioak jasotzen dira COVID-19aren aurrean langileen eta haurtzaindegietara eta etxe adiskideetara joaten diren haurren osasuna babestea bermatzeko.

Neurria normaltasun berrirako trantsiziorako 2020ko apirilaren 28ko Planaren barrenean, sartzen da. Plan horretan, Haur Hezkuntzako ikastetxeak 6 urtera bitarteko haurrentzat irekitzeko aukera jasotzen da, gurasoek aurrez aurreko lana malgutasun-aukerarik gabe egin behar dutela egiaztatzen duten familientzat, betiere edukiera mugatuta.

Nafarroako Gobernuak iragarri du ez dela bidezkoa Hezkuntza Departamentuak finantzaturiko haur-eskolak irekitzea, ezta baimendutako ikastetxe pribatuak ere, ez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren mendeko 0 eta 3 urte artekoentzako zentroak.
Dena den, badira haurtzaindegiak, haur hezkuntzako ikastetxeak eta etxe adiskideak bezalako baliabideak, Hezkuntza Departamentuak arautzen ez dituenak eta lana eta familia uztartzeko zerbitzu bezala hartzen direnak. Nafarroan, 44 etxe adiskide eta 60 bat haurtzaindegi eta haur hezkuntzako ikastetxe daude, foru geografiako puntu ezberdinetan. Ekimen horiek jarduera ekonomiko pribatu bezala funtzionatzen dute, eta familientzat laguntza garrantzitsua izan daitezke lanera sartzeko prozesuan.

Gomendioak
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak orain egindako dokumentuan, ikastetxe horien funtzionamendurako jarraibideak eta gomendioak ematen dira. Gomendioak langileentzat nahiz haurrentzat dira, eta, besteak beste, alderdi hauek jorratzen dira: sarrera eta irteera, higiene eta babeserako neurriak, lanaren eta espazioen antolamendua, lokalen eta ekipoen higienea eta garbitasuna eta desinfekzioa. Modu horretan, birusa ahalik eta gutxien barreiatzea eta haurren arteko kontaktuak gutxitzea lortu nahi da.

Jasotzen diren neurrien artean eta Espainiako Pediatriako Elkartearen gomendioen arabera, 5 haur egonen dira zaintzaile bakoitzeko, eta hori pertsona bera izanen da lanaldi osoan. Adingabeko talde bakoitza, zaintzaile eta guzti, itxia izanen da, eta gainerakoekin ez du kontakturik izanen. Protokoloaren arabera, halaber, «ez da komenigarria 0 eta 3 urte arteko haurren aurpegiko maskara erabiltzea».

Azkenik, eta neurri osagarri gisa, enpresa bakoitzak definitu beharko ditu, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuaren aholkularitzarekin, jarduerak eskatzen dituen neurri espezifikoak, eta langileei edo haien ordezkariei kontsultatu eta parte-hartzea eskatuko zaie, neurri horiek hartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun