Nafarroako azaleraren % 27a babestua da, 2030erako Biodibertsitatearen Europako Estrategiak ezarritako % 30eko helburutik hurbil

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 9a, 08:30

Bidasoan trabak kentzeko proiektuen artean, Endarlatsako presa bota zuten 2016an.

Azpiegitura berdea definitzeko proiektuen artean dago Bidasoan oztopo egiten duten presak botatzea

Nafarroako azaleraren %27a babestua da, Europako Batzordeak maiatzean onartutako 2030erako Biodibertsitatearen Europako Estrategiak ezarritako %30eko helburutik hurbil. Gainera, Nafarroako Gobernuak Ingurumeneko Departamentuak Urbasa eta Andiako Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) handitzeko asmoa du.

Europako estrategiarekin bat eginik, Nafarroako Gobernua lanean ari da babestutako azalera gehitzeko beste lurralde gehiago sartuta, horietako batzuk toki-erakundeek eskatuta, Urbasako eta Andiako ZEC-en kasuan bezala. Horren helburua da babestutako espazioen sarearen eraginkortasuna hobetzea eta zenbait espezie eta habitat kontserbatzea bermatzea.

Nafarroako gune babestuek, Natura 2000 Sarean sartuta daudenek (biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzen duen Europako sarea), 281.000 hektarea hartzen dituzte, eta balio ekologiko handiko espazio naturalak ere badira, KBEetan eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetan (HBBE) sailkatuak.

Sakanako korridorea, Bidasoan oztopo egiten duten presak botatzea eta linea elektrikoak zuzentzea

Nafarroan, bertzeak bertze, hiru proiektu lantzen ari dira azpiegitura berdea definitzeko eta lurraldearen zatiketa murrizteko: Sakanako korridorea, oztopoak iragazkortzea Bidasoan eta linea elektrikoak zuzentzea.

Sakanako korridoreari dagokionean, azterketa bat garatzen ari dira egokitzeko proposamen bat egiteko, lehendik dauden azpiegitura nagusiak (zubiak, biaduktuak, tunelak, azpiegitura horietako drainatze-hodiak edo ibaiko sarea) eta harrapaketak medio oihaneko faunaren hilkortasunari buruzko datuekin duten harremana identifikatuaz eta mugatuaz. Horrez gain, faunaren pasabideak aztertzen ari dira eta zenbait azpiegiturak faunaren pasabide gisa duten potentziala baloratzen, Aralar Mendilerroko KBEen eta Urbasa eta Andiaren arteko korridore ekologikoa definitzearekin batera.

Bidasoa ibaian oztopoak iragazkortzeari dagokionean (LIFE IREKIBAI) europar proiektuan sartua), batzuk kendu egin dira, eta, horri esker, duela hamarkada batzuetatik hona izokina ibaiaren goialdera lehen aldiz sartzea lortu da.

Era berean, linea elektrikoak zuzentzen ari dira, hegaztiek talka egin ez dezaten eta elektrokutatu ez daitezen; izan ere, horrek espezie babestuei gogor eragiten die Nafarroan, batik bat harrapariei. Hain zuzen ere, pasa den apirilean linea elektrikoen titularrentzako laguntza deialdi berria argitaratu da, aurten zuzendu ditzaten, 147.000 euroren truke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun