Baztan-Bidasoaldeko XXXIII. Bertsopaper Lehiaketako saridunak jakinarazi dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 8a, 12:00

Eneko Fernandezek lortu du sari nagusia Baztan-Bidasoko XXXIII. Bertsopaper lehiaketan.

Guztira 57 lan aurkeztu dituzte eta Eneko Fernandez lesakarra nagusitu da maila nagusian

Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoaldeko XXXIII. Bertsopaper lehiaketako sariak jakinarazi dituzte. Guztira 57 lan entregatu dira. Aurtengoa lehiaketa berezia izan da, lanak bakar-bakarrik email bidez aurkezteko aukera izan baita eta sari-banaketako jaialdi berezirik ez baita eginen. Ekainaren 12an, ortziralean, emanen dituzte sariak, baina ekitaldirik gabe.

Sariei dagokienez, A mailan (10 urte arte), lehen saria Berako Laia Erkizia Font-ek eskuratu du, ‘Beldur ikusezina’ lanarengatik eta bigarren saria Berako Elaia Boanek, ‘Lekak patatekin’ lanarengatik.

B mailan (11-14 urte), lehen saria Berako Loitzate Goñi Elortzak lortu du ‘Zumeta’ bertso-sortarekin eta bigarren saria Arantzako Ekai Madariaga Apaolazak, ‘Donald Trump’ lanarekin. Kategoria honetan aipamen berezia jaso du Arantzako Kattin Madariaga Apaolazak, ‘Bullinga’ lanarekin.

C mailan (15-18 urte), Lesakako Lide Fontan Igoak eskuratu du lehen saria, ‘Bi gorputz bat eginda’ bertso-sortarekin eta bigarren saria Lesakako Iratxe Muxika Karrionek, ‘Arranoko Erregina’ lanarekin.

18 urtetik goitiko maila nagusian, Lesakako Eneko Fernandez Maritxalarrek lortu du 200 euroko saria, ‘Inkisidore berriak’ bertso-sortarekin eta 150 euroko bigarren saria Lesakako Aitor Arotzena Albizurentzat izan da, ‘Koronabirusaren aurkako txertoa teletiendan’ lanarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun