Ekainaren 27an hasiko da XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 7a, 11:00
Jon Rekondo leitzarrak Azurmendiren kontra jokatuko du final laurdenetako lehen kanporaketa. Argazkia: Rakel Rico

Jon Rekondo eta Iñaki Azurmendiren arteko lehia irabazten duenak Iker Vicente izanen du esperoan finalerdietan

Ekainaren 27an abiatuko da XXIII Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa. Dauden osasun arazoak direla eta, ekainean, uztailean eta abuztuan eginen dute aurtengo edizioa eta bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi 'Txikia IV.a', Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika.

Final-laurdenetan, finalerdietan eta final-laurdenetan jokatuko da. Finalerdietako fasean, 2019ko XXII. edizioko lehen hiru sailkatuak sartuko dira zuzenean. Hauek dira: Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi 'Txikia IV.a', final-laurdenetako irabazleen aurka lehiatuko direnak, zozketaren aurreko hurrenkerari jarraituz.

Honela, ekainaren 27an Jon Rekondo leitzarra eta Iñaki Azurmendi ariko dira aurrez aurre eta irabazleak Iker Vicente izanen du aurrez aurre finalerdian. Uztailaren 4an, Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza II.a lehiatuko dira eta irabazleak Txikia IV.a izanen du esperoan finalerdian. Uztailaren 11n, Eneko Otaño Jesus Mujikaren kontra ariko da eta irabazleak Mikel Larrañagaren kontra jokatuko du finalerdian.

Finalerdietako hiru irabazleek finala jokatuko dute abuztuaren 1 edo 2an.

Gizonezkoeak eta emakumeak harri-jasotzen

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaz gain, gizonezkoek Hiru Hamarreko Harri-jasotze txapelketa eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketa ere jokatuko dituzte, baina ez da eskualdeko kirolaririk ariko. Gizonezkoetan, Xabier Peña, Mikel Lopetegi 'Urra', Imanol Albizu 'Goikoetxe', Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia ariko dira eta emakumezkoetan, Virginia Finol eta Karmele Gisasola 63 kiloko harriekin eta Udane Ostolaza 50 kilokoekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun