Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Orokorrak Nafarroako telebistei zuzendutako ikus-entzunezkoak ekoizteko 2020ko dirulaguntzen ebazpena eman du ezagutzera, guztira 1,1 milioi euro banatuko dira.
Behin proiektuak baloratuta, Navarra Televisión operadore autonomikoari 660.763,41 euro eman dizkiote. Eta gainerako ia milioi erdi euroak Iruñeko eta Tafallako mugapeko tokiko LTD lizentziak dituzten titularrek eskuratuko dituzte. Modu horretan, Xaloa TB-k 290.000 euro eskuratuko ditu; Iruindarra TB-k 50.000 euro; Hamaika TB-k 50.000 eta, azkenik, Tafallako zonako tokiko operadoreek, Zona Media Televisión-ek eta 30 TV-k, 24.236,59 eta 25.000 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.
Ikus-entzunezko sei operadore horiek 19 programa ekoizteko eta emateko laguntzak lortuko dituzte, sorkuntza-kostuaren %50eko dirulaguntzarekin; beraz, sektorean 2,2 milioi euroko inbertsioa eginen da ekitaldi honetan.
Operadore autonomiko bakarrak, Navarra TV-k, lau programarako dirulaguntza jasoko du; hau da, La muga magazinea (375.000 €), Tiramillas dibulgatzailea (125.000), iazko programazioan zeuden espazioak, nahiz eta aldaketaren bat izan, eta El camerino berria (100.000 €), Foru Komunitateko kultura mundua aurkezten eta izaera dibulgatzailea ematen ahalegintzen dena. Azkenik, operadore horrek lortu zuen gainerako poltsa, 60.763,41 eurokoa, Zona mixta programarako.
Tokiko telebistak
Tokiko operadoreen artean, laguntza gehiena Xaloa Telebistak hartuko du, 290.000 euro, oso-osorik euskaraz emanen den programaziorako, eta Iruñean eta Iruñerrian ikus ahal izanen da. Hona hemen dirulaguntza lortu dutenak: gerrari eta gerraosteari buruzko dokumentala, Memoria historikoa Nafarroan I (75.000 €); Nafarroako mendiei buruzko dokumentala, Nafarroako tontorrak (50.000 €); despopulatzeari buruzko magazinea, Herriz herri (20.000 €); Negudaberria kultur programa (50.000 €); Udaurriaroa magazinea (50.000 €); Nafarrak munduan dokumentala (20.000 €) eta euskara ikasteko programa, Euskal city (25.000 €).
Nafarroako hiriburuaren mugape berean, beste bi operadorek, Hamaika TB-k eta Iruindarra TB-k, hori Abian Mediaren bigarren marka komertziala, dirulaguntza bana eskuratu dituzte programa hauetarako: Txapela buruan (50.000 €), euskararen ingurukoa, eta Vida Activa, osasunean oinarritua eta adinekoei eskainia zahartze aktiboa eta osasungarria izateko (50.000 €).
Azkenik, Tafallako toki barrutiak beste bi operadore ditu, eta 49.236,59 euroko laguntza lortu du. Zona Medía TV-k bost proposamenetarako laguntza lortu du: A pie con dron, Conocidos por conocer, Ocurrió en Zona Media, Fiestas populares eta La barra, eduki ezberdinetakoak, 24.236,59 eurorekin, eta bigarrenak, 30 TV-k, inmigrazioari buruzko Destino futuro programaren ekoizpenerako laguntza publikoa jasoko du, 25.000 eurokoa.
Sei telebista-operadore eta 44 proposamen
Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzen deialdiaren egungo edizioan Nafarroan LTDrako lizentzia duten sei telebista-operadorek hartu dute parte, eta 44 programarako laguntzak eskatu dituzte, horietako 26 A tipologiarako (Nafarroako herritarrei zuzendutako proiektuak, 850.000 euro), 9 B tipologiarako (Iruñeko mugaperako proiektuak, 200.000 euro) eta beste 9 C tipologiarako (Tafallako barrutirako proiektuak 50.000 euro). Laguntzak produkzioaren aurrekontuaren %50ekoak izan dira.