Nafarroak zikloturismoko erreferente gisa jokatu duen papera nabarmendu du Bizikletaren Mundu Egunean

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 4a, 08:02
Trenbideko ibilbide zaharrak dira, bizikletan ibiltzeko aproposak. Zehazki, 35 kilometro daude Bidasoko Bide Berdean, Legasatik Endarlatsaraino; beste 32 kilometroko Bide Berdea Plazaolan.

Gobernuak zikloturismoko ekintza plan bat garatu du Nafarroa bizikleta helmuga turistiko gisa kokatzeko, bizikleta ibilbideak hobetuz eta zabalduz

Nafarroa zikloturismoaren erreferente gisa finkatu nahi dute, bertako azpiegiturak eta kokapen geografiko pribilegiatua aprobetxatuz. Gainera, ekainaren 3an ospatu zen Bizikletaren Mundu Egun bat eginez, Nafarroako Gobernuak bizikletaren aldeko apustu sendoa egin du, turismo seguru, iraunkor eta osasungarria suspertzen laguntzeko elementu gisa, COVID-19ren pandemiak eragindako ondorioen ondotik.

Europako EuroVelo1 eta EuroVelo3 ibilbide handiak penintsulara sartzeko eta Done Jakue bidearen ate gisa duen kokapenak aukera paregabea ematen dio Nafarroari helmuga turistiko moduan garatzeko; hori, gainera, bide berdeen, mendiko bizikletentzako zirkuituen eta bizikletarekin loturiko jardueren eskaintzak indartzen du. 

Hori guztia dela-eta, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak zikloturismoaren ekintza-plana garatu du, eta Europako hiru proiektutan parte hartzen du Nafarroako bizikleta-ibilbideak hobetzeko eta zabaltzeko.

Egun honetan, Nafarroako Gobernuak ekimen horiek guztiak ezagutzera eman nahi ditu eta herritarrak bizikleta-ibilbideen eskaintza zabala egitera animatu, hurbiltasuneko eta aisi osasungarriko bidaien zati bezala, modu horretan espazio irekiez, paisaiez eta aire libreaz modu seguruan goza baitaiteke, aldaketa klimatikoaren eta kutsaduraren aurka borrokatzen laguntzearekin batera.

Ederbidea, AtlanticOnBike eta Bizimugi

Nafarroan zikloturismoa eta mugikortasun iraunkorra garatzen ari diren ekimenen artean, Ederbidea mugaz haraindiko proiektua aurkitzen da; bertan, Nafarroak, Gipuzkoak eta Atlantikoko Pirinioek esku hartzen dute Europako Interreg Poctefa programaren barnean, eta FEDER funtsen finantzaketa jasotzen du.

Esparru horretan, Nafarroako Gobernuak Doneztebe eta Irurtzun arteko pisten trazatua egokitzeko inbertsioa egin du, bizikletaz ibilbidea egiteko. Obra horri esker, Bidasoko Bide Berdea Plazaolako Bide Berdearekin lotzea lortu da, Baiona, Iruña eta Donostia artean mugikortasun iraunkorra hobetzeko helburuarekin.

Horrez gain, Eurovelo1 ibilbidea penintsulan Nafarroatik barrena sartzea lortu da; beraz, NafarroaEuropako bizikleta-bide handi horren funtsezko zati bilakatu da; bidea Norvegian hasi eta Portugaleraino iristen da.

Halaber, ibilbide horrekin lotuta, AtlanticOnBike proiektuaren helburua da Europako helmuga turistiko iraunkorra garatzea eta sustatzea bizikletaren bitartez. Hain zuzen ere, EuroVelo 1 ibilbidean zehar eskaintza zikloturistiko transnazionala sustatu eta horren garapenean parte hartu nahi da.

Bestalde, mugaz haraindiko BIZIMUGI proiektuaren (baita ere Interreg POCTEFA programaren barrukoa) helburua da EuroVelo 3an zehar dauden landa-eremuetan bizikleta bidezko mugikortasuna garatzea denontzat. Ibilbide hori Erromesen Ibilbide bezala ere ezagutzen da. Horren bitartez, landa-eremuetan konektatutako bizikleta-ibilbideak erraztu nahi dira, denontzat irisgarriak, gazteak, mugikortasun murriztuko pertsonak eta seniorrak barne.

 

Bide berdeak eta mendiko bizikletarako ibilbideak Nafarroan

Nafarroak lurralde osoa zeharkatzen duten bortz bide berde ditu. Trenbideko ibilbide zaharrak dira, bizikletan ibiltzeko aproposak. Zehazki, 35 kilometro daude Bidasoko Bide Berdean, Legasatik Endarlatsaraino; beste 32 kilometroko Bide Berdea Plazaolan (Lekunberri eta Andoain batzen dituen ibilbidea osatzen duten 54 km-tatik); 6,38 kilometro Irunberriko Arroilako Bide Berdean, Irunberritik Liedenara; 26 kilometro Vasco-Navarro Trenbidearen Bide Berdean, 76,1 km-ko ibilbidea, Lizarra Gasteizekin lotzen duena; eta Tarazonikako Bide Berdearen 22 kilometro, Tuteratik Tarazonara.

Horrez gain, mendiko bizikletan (BTT) egiteko hainbat ibilbide daude; hala nola, Lizarraldea, Eremua zirkuitua Esteribarko haranean, eta Bardeetako ibilbideak, Iratiko urtegia, Valdeallín, Elimendi eta Urbasa, bertzeak bertze.

Horri guztiari Frantziako Done Jakue Bidea gehitzen zaio, Europako Kultur Ibilbidea eta UNESCOren Munduko Ondarea. Oinez egiteko diseinatuta egon arren, penintsulan gehien bilatutako eta eskatutako ibilbidea da, "bizikletazaleek", bizikletan dabiltzan erromesek, bi gurpilen gainean egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun