N-121-A errepidean gerta daitezkeen arau-hausteak droneekin zaintzen hasi da Foruzaingoa

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 1a, 11:00

Bereziki marra bikoitz jarraituko errepide zatietan egiten diren aitzinamenduak zaintzen ari dira. Izan ere, marra jarraituko zatietan aitzinamenduak egitea debekatuta dago maniobra horrekin parez pare datorren ibilgailuarekin talka egiteko arriskua dutelako. Hala ere, Trafikoari buruzko Erregelamenduaren eta Legearen arabera, marra bikoitz jarraitua 5 egoeratan gaindi daiteke.

Orain N-121-A errepidean gertatzen ari den antzeko egoera gertatu zen iaz Alacant-en (Herrialde Katalanak) CV-734 errepidean Xàbia - Gata de Gorgos zatian ere, Xàbia.com hedabidean ikus daitekeenez. Errepide horretako zazpi kilometrotan marra jarraitua margotu berria zuten. Hartara, bidean txirrindulariak, makina astunak edo ibilgailu motelak zeudenean aitzinamendurik egitea galerazita dagoela pentsatuta, «ilara luzeak eragin zituen hasiera-hasieratik».

Alabaina, Trafikoari buruzko Erregelamenduaren eta Legearen arabera, marra bikoitz jarraitua 5 egoeratan gaindi daiteke. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren arabera, «marra bikoitz jarraituak marra jarraituaren esanahi bera du».

Zein 5 egoeratan aitzineratzen ahal da marra jarraituan

Trafikoari buruzko Erregelamenduaren 88. artikuluan eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean jasota dagoenez, marra jarraitua zapaldu eta gaindi daiteke egoera hauetan:

  1. Txirrindulariak: Txirrindulariak aitzineratu ahal izanen dira, baldin eta ez haiek ez gainerako zirkulazioa arriskuan jartzen ez badira. Baina kasu honetan nahitaezko baldintza bat eransten da, bai hiri barneko zein hiritik kanpoko bidean: gutienez 1,5 metroko tartea uztea gure ibilgailuaren eta txirrindulariaren edo txirrindulari-taldearen artean. Egoerak hala eskatzen badu, kontrako noranzkoko erreia osorik edo zati batean inbaditu dezakegu, nahitaezko gutxieneko distantzia hori betetzeko.
  2. Oinezkoak, animaliak eta ibilgailu motelak (makineria astuna): Hiri barneko bideetan, galtzadaren abiadurarekiko, zabalerarekiko eta ezaugarriekiko proportzionala den alboko segurtasun tartea utziz, eta herri arteko bideetan (N-121-A konparaziora), 1,5 metro.
  3. Ibilgailu ibilgetuak: Erregelamenduak honela dio: «aurreratzea debekatuta dagoen bide-zati batean ibilgailu bat ibilgetuta badago, ibilgetzea trafiko-beharrengatik ezarrita ez dagoenean izan ezik, gaindi daiteke, nahiz eta horretarako kontrako noranzkoko galtzadaren zatia okupatu behar izan, maniobra arriskurik gabe egin daitekeela egiaztatu ondotik».
  4. Zikloak eta ziklomotorrak: Beharrezkoa izanez gero, marra jarraitua zapaldu eta gainditu ahal izanen da alboko 1,5 metroko tartea utzita, eta alboko erreia partzialki edo osorik hartuta. Baina Trafikoari buruzko Legearen 35.4 artikuluaren arabera, ez da zehazten herri barneko galtzada edo herri arteko bideaz ari den; Erregelamenduak, aldiz, zehazten du «aurreratuko duen ibilgailuaren gidariak albo bateko zabalera eta abiaduraren araberako segurtasun-tartea utziko duela».
  5. Oztopoak saihesteko: marra jarraitua gaindi daiteke edo kontrako noranzkoko erreian sartu, arriskurik gabe egin dezakegula egiaztatu ondotik.

Aipatutako kasu hauetako bat betetzen ez baldin bada, edo beharrezkoa ez denean marra jarraitua gainditzen bada, arau-hauste larria eta isuna dakar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun