Ollo kontseilariak muga aldeko arazoei heldu die Nafarroako Pirinioetako alkateekin

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 29a, 15:00
Ana Ollo kontseilaria eta gobernuko bertze ordezkariak, muga aldeko alkateekin bildu dira gaur.

Osasun krisiak eta mugen itxierak eragin bikoitza izan dute Pirinioetan

 

Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak Nafarroako Pirinioetako hainbat herritako eta udalerritako alkateekin izandako muga aldeko arazoei heldu die gaur goizean egindako bileran, eta mahai gainean jarri ditu, bertzeak bertze, COVID-19ren ondorioz mugak ixteak izan duen eragina eta mugako bertze gai espezifiko batzuk.


Bileran Erronkariko Juntako presidentea eta Orreaga, Auritz, Eugi eta Erroko alkateekin batera, Baztango Joseba Otondo eta Berako Aitor Elexpuru alkateak ere izan dira, baita Mikel Irujo, Ruben Goñi eta Lursarea agentziako Victor Aierdi eta Arantxa Arregi ere.

Bilera horretan, alkateek Ibardinen, Dantxarinean eta Luzaiden eragin berezia duen mugaz gaindiko merkataritza-jardueraren pandemia eta mugak ixtearen ondorioz gertatzen ari diren arazoen berri eman diote kontseilariari, baita turismoan (Santiago Bidea) eta mugaz gaindiko herritarren arteko harremanetan ere. Halaber, mendialdea garatzeko ereduari buruzko hausnarketa estrategikoak egin dituzte.

Bertzalde, kontseilariak bere departamentuak mugak ixtearen ondorioei buruz egin dituen kudeaketak azaldu ditu. Nafarroaren kasuan, 5.000 langile eta 50 enpresa baino gehiagori eragiten die, bai eta mugaz gaindiko jarduera eta eguneroko bizitza duten abeltzainen eta herritarren mugikortasunari ere. Gainera, kontseilariak Nafarroa Suspertu planean ekarpenak eginez parte hartzera gonbidatu ditu parte-hartzaileak.

Ana Ollo kontseilariak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak estatuko agintariei eskatu die kontuan har dezatela mugaz gaindiko afera deseskalada planetan

Hain zuzen ere, atzo bertan, kontseilariak Europar Batasunarekin Zerikusia duten Gaien Konferentziako koordinatzaileen bileran parte hartu zuen, eta parte hartu zuten hiru ministroei proposatu zien Nafarroaren eta Nouvelle Aquitaine Frantziako eskualdearen arteko mugikortasuna onartzea, deseskalatze fase berean dauden bi eskualderen arteko mugikortasuna, hain zuzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun