Baztan-Bidasoaldera oporretan etortzeko bortz arrazoi eman ditu Turismo Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 26a, 19:00

Urruska landetxea, Elizondon.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkartea, Baztan-Bidasoaldean turismo arloan lanean diharduten landetxe, hotel, jatetxe, ekoizle, aktibitate eta zerbitzu enpresaz osaturiko elkartea da. «Landa turismo jasangarriaren alde borrokatu dugu beti. Egun, hitz horiek bolo-bolo dabiltza; guk baina, 25 urte baino gehiago daramatzagu horiekin lanean. Toki zoragarri batean bizi gara eta zurekin elkarbanatu nahi dugu. Hortaz, eta oraindik aurtengo oporrak non igaro ez baduzu aukeratu, hemen bortz arrazoi gurera etortzeko».

Horixe da Baztan-Bidasoa Turimo Elkarteak aurtengo oporraldietarako egin nahi duen eskaintza. «Koronabirusak eta konfinamenduak gure ohiturak aldatu dituzte, baita oporrak aukeratzeko orduan ere. Zuetariko askok ezagutzen gaituzue eta landa turismo zaleak zarete, bertze batzuk ordea, pandemiaren garapenaren ezjakintasunaren aurrean eta osasun eta segurtasun neurriak tarteko, aurtengo oporrak etxetik hurbil igarotzea aztertzen ari zarete».

 

Bortz arrazoiak

1. Hurbiltasuna. Iruñetik hiru ordu laurdenera, Donostiatik ordu batera eta Bilbotik bi ordura gaude. Zugandik gertu eta mundutik urrun!

2. Lasaitasuna. Jendetzatik ihes zabiltza, toki lasai baten bila, familiarekin gozatzeko, deskantsatzeko estresik gabe,…Gure landetxeak aproposak dira egoera hori bizitzeko. Herri txikietan bizi gara eta eskarmentua dugu landa turismoaren alorrean. Urteak daramatzagu bisitariei gure baserrietako etxeak zabaltzen, gure bizimodua, kultura eta hizkuntza, euskara, erakusten.

3. Natura maite duzulako, gure baso eta aintziretan paradisuan sentituko zara. Hortxe ditugu Bertizko Natur Parkea, Leurtzako Urtegiak, Xorroxin, Bidasoa ibaiaren iturburua,…

4. Gastromia gurean ez da nolanahikoa! Bertako produktuekin egindako platerak aurkituko dituzu Baztan-Bidasoko jatetxeetan. Barazkiak ia zuzenean doaz mahaira eta gure baserritarrek ekoiztutako haragi eta orotariko produktuak izanen dituzue dastagai.

5. Aktibitateak egin nahi izanez gero, eskaintza zabala aurkituko duzu.  Familiarekin edo lagunekin egun pasa egin dezakezu BKZ Baztan Abentura edo Irrisarri Land parkeetan eta horrez gain, bisita gidatu ugari ditugu, gastronomikoak alde batetik eta kulturalak bertzetik, gure herriak eta historia bertatik bertara ezagutzeko.

«Covid’19 eta gero, Baztan-Bidasoa’20» diote, beraien mezua borobiltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun