Ekainaren 1etik aitzinera Batxilergoko bigarren mailan zuzeneko irakaskuntzari ekiteko baimena eman dute

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 26a, 12:00
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-esparruan aurrez aurreko jarduera batzuk eustea eta horiei berriro ekiteko neurriak malgutzea erabaki dute.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Gimeno kontseilariak sinatutako foru aginduan ziurtagiriak eskuratzeko zein zikli eta ikasketetara sarbidea izateko aurrez aurreko azterketak egitea ere baimendu da

Carlos Gimeno, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, 48/2020 Foru Agindua sinatu zuen astelehenean, zeinaren bidez 2019-2020 ikasturte honen amaierarako unibertsitatez kanpoko hezkuntza-esparruan aurrez aurreko jarduera batzuk eustea eta horiei berriro ekiteko neurriak malgutzea erabaki duen. 

Halaber, foru aginduak baimena ematen du ekainaren 1etik aurrera aurrez aurreko probak egiteko Hizkuntza Eskola Ofizialen ziurtagiri ofiziala lortzeko, bai helduen ikastetxeetan eta Zubiarte Euskaltegian ziurtapen probak egiteko, zein honako proba hauek egiteko ere:

  • Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzako zikloetan sartzeko probak
  • Musikako goi-mailako arte-irakaskuntzetan sartzeko probak.
  • Diseinuko goi-mailako arte-irakaskuntzetan sartzeko probak.
  • Goi-mailako arte-irakaskuntzetan sartzeko heldutasun-probak.
  • Musikako Kontserbatorio Profesionaletan sartzeko probak.
  • Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko azterketak. 

Ikastetxe publikoen kasuan, jarduera horiei berriro ekiteko behar diren langileak 2020ko ekainaren 1etik aurrera hasiko dira lanean, zuzendaritza-taldeek erabakitzen duten antolaketaren arabera, hezkuntza-arreta presentziala eta, hala badagokio, urrunekoa bermatzeko.

Gainerako irakasleek urrutiko arreta emanen diete ikasleei, eta ikastetxera noizbehinka joaten ahalko dira, zuzendaritza taldeak zehazten dituen lanak egitera. 

Proba horiek egiteko egunak eta horien antolaketa Hezkuntza Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko ditu, gaiarekin zerikusia duten ikastetxeekin eta Hezkuntzako Lan Arriskuen Prebentziorako Atalarekin batera.

Batxilergoko bigarren mailako irakaskuntza-jarduera presentzialei berriz ekitean eta aurreko paragrafoan aurreikusitako probak egitean, Osasun Ministerioak eta/edo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak ematen dituzten ikastetxeak partzialki berriro irekitzeko prozesuan COVID-19aren aurkako prebentzio- eta higiene-neurriak aplikatuko dira. Nolanahi ere, zuzendaritza taldeek osasun agintariek eta Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak ezarritako prebentzio neurriak betetzen direla zainduko dute. Neurri horiek ikastetxeetako langile guztiei jakinaraziko zaizkie.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun