Elhuyarrek neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako #NikEtxeanEsperimentuak plazara

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 26a, 15:00

Astelehenetik ostegunera  erronkak eta ostiralean ikertzaile gazte batekin solasaldia, hori da Elhuyarrek #NikEtxeanEsperimentuak egutegiarekin proposatu duen plana. Elhuyarren Bizilabe-ren webgunean (https://bizilabe.elhuyar.eus) egongo dira ikusgai egutegia, eguneko erronkak eta euskal ikertzaile gazte bati egindako elkarrizketaren bideoa. Gaurko Erronka: Mate jolasak

Apirileko #NikEtxeanEsperimentuak ekimenaren arrakastaren ostean, Elhuyarrek maiatzean ere zientzia- eta teknologia-erronkak proposatu ditu. Irudimena eta neuronak astinduko dituzte erronkek;  “mezu sekretuak” desenkriptatu eta enkriptatu, hologramak sortu, barazkietan dauden margoak erauzi, motorrik gabeko hegazkinak eraiki, munduko bitxikeriak behatzeko proposamenak egin edo txorientzako jantokiak egitetik, txoriak identifikatzera edo naturan denbora errealean ikus ditzaten bideratuko dira, besteak beste, gazteak. Den-denak etxean dauden baliabideak erabiliz eta etxetik bertatik gauzatu ahalko dira.

Orokorrean 10-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak izango dira. Eta familian zientzia- eta teknologia-jarduerak bultzatzeko asmoz, gurasoak haur txikiagoekin ere erronkak egitera gonbidatu nahi ditu Elhuyarrek.

Egindako zientzia- eta teknologia-erronkak sare sozialetan zabaltzeko gonbitea luzatuko da, #NikEtxeanEsperimentuak traola erabiliz.

 

Ikertzaileekin solasaldiak, gazteak inspiratzeko

Maiatzeko egutegian, plan berezia proposatu da ostiraletarako. Izan ere, bizitza errealean zientziaren eta teknologiaren munduan lanean ari den ikertzaile batekin egingo da hitzordua, ikertzailea bera eta bere jarduna gertutik ezagutzeko, eta, profesionalak ezagutuz, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna indartzeko. Hala, astero euskal ikertzaile baten sekretuak miatuko dituzte Elhuyarretik, haien gaur egungo proiektuen berri izateko, haien bizitzak gertuagotik ezagutzeko, une honetan egiten ari direna egitera iristeko bidearen inguruan ere galdetuko zaie eta, batez, ere, bizitako anekdota interesgarrienak ezagutu nahiko dituzte. Gazteentzako inspiratzaileak izan daitezkeen elkarrizketak dira, ikertzaile horien pasioa eta ezagutza transmititzeko asmoarekin.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun