Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara lanak aurkezteko epea ireki da

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 24a, 11:00

Sarien XIII. edizioaren deialdia zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak eta irailaren 18ra arte dago aukera hausnarketa eta ikerketa lanak aurkezteko 

2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, bertzeak bertze.

Txillardegi–Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

2020ko deialdia

Lanak aurkezteko epemuga 2020ko irailaren 18a izanen da.

2020ko edizioan honakoak izango dira irabazleentzat sariak:

  • Lehen saria: 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat
  • Bigarren saria: 1.300 euro
  • Hirugarren saria: 1.000 euro

Informazio osagarria, xehetasunak eta deialdiaren oinarriak:

http://www.soziolinguistika.eus/txillardegi-hausnartu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun