Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko Bortziriak, Malerreka eta Baztango zazpi lagunek 72 orduko baraualdia hasi dute

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 22a, 09:00

Igandera bitarte Elizondoko plazako eraikinean itxialdia eginen dute.

Atzo eguerditik itxialdia egiten ari dira Elizondoko plazako eraikinean eta igande eguerdira bitarte hala segitzeko asmoa dute. Nahi dutenek «ateak irekiak» dituztela ere adierazi dute eta «baliteke hurrengo egunetan mobilizazioren bat egitea».

Zazpi herritar horiek ohar bidez ere adierazi nahi izan diote babesa Patxi Ruiz euskal presoari. Koronabirusa tarteko «kartzeletan jasan duten eskubide murrizketa aunitzez ere larriagoa» dela eta, Ruiz dagoen Murtzia II espetxean «patioan kontzentrazioak eginez protestak egiten» hasi zirela oroitarazi dute oharrean, «beraien eskubideak bermatu zitzaten aldarrikatuz». Horren ondotik, «Patxi Ruizen aurka egin zuten espetxezainek eta zuzendaritzak, protesten bultzatzaile izatearen arrazoia emanez». Hori salatzeko «besoetan ebakiak» egin zituela oroitarazi dute, «eta medikuak ez ziola kasurik ere egin». Hori izan zen maiatzaren 11n gose eta egarri greba hastearen arrazoia.

Baztan, Bortziriak eta Malerrekako zazpi herritarrek «borrokarekin zein honek egiten dituen eskakizunekin bat egiten» dutela diote eta «amnistiaren beharrezkotasuna» ere mahaigaineratu nahi izan dute, beraien irudiko, «amnistiak zapalkuntzarik gabeko gizarteari egiten diolako erreferentzia» eta «honen lorpena, zapalkuntza ororen aurkako borrokaren ondorioz etorriko delako».

«Arrazoi» horiek aipatuta hasi dute zazpi herritarrek igande eguerdira bitarteko 72 orduko baraualdia. Elizondoko plazako eraikinean egiten ari dira itxialdia eta «nahi duen orok ateak irekiak» izanen dituela azaltzearekin batera, «ondoko egunetan mobilizazioak» egiteko aukera adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun