Nafarroako Hondakinen Partzuergoak programa birtual bat egin du hondakinak murriztea eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzea sustatzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 13a, 15:00

Jarduerak 6 eta 14 urte arteko haurrentzat eta haien familientzat dira

Nafarroako Hondakinen Partzuergoa 15 mankomunitatek eta NILSA sozietate publikoak osatzen dute, eta aste honetan on line hezkuntza-programa abian jarri du hondakinen prebentzioa, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka edo ekonomia zirkularra sustatzeko jarduerekin.

COVID-19aren pandemia dela-eta alarma-egoera aitortzearen ondorioz jarduera presentzialak bertan behera geratu eta gero, Hondakinen Partzuergoak Interneten jarri du honako mankomunitate hauetan ikasturtean zehar ikastetxeetan ematen duen hezkuntza-programa: Araxes Garaia, Bidusi, Bortziriak, Baztango Udala, Eska Zaraitzu, Irati, Malerreka, Mairaga, Mendialdea, Sakana, Jurramendi, Zangoza, Goi Erribera, Erribera eta Izarbeibar.

Jarduerak 6 eta 14 urte arteko haurrentzat eta haien familientzat dira. Jolasen, azalpen-bideoen, informazio-artikuluen edo eskulanen fitxen bitartez, birziklatzea, materialak berrerabiltzea, hondakinak prebenitzea, konposta egitea, kontsumo eta erosketa arduratsuak, ekonomia zirkularraren aldeko apustua edo aldaketa klimatikoaren aurkako borroka sustatzen dira, besteak beste.

Programa gazteleraz zein euskaraz eskaintzen da (edukien aurkibiderako esteka-euskaraz), eta Lehen Hezkuntzako ziklo ezberdinetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan zatitzen da. Hondakinen Partzuergoak eta hezkuntza-programaren arduraduna den Hirusta enpresak jarduerak ingurune digitalera egokitu dituzte, ikastetxeen eskura jarri ahal izateko, programa nolabait herritar guztiek erabiltzeko aukera izan dezaten.

Partzuergoaren on line hezkuntza-programan ondorengoak aurki ditzakegu: jolasak, puzzleak, etxeko materialak berrerabiliaz jostailuak egiteko tutorialak, gaiarekin zerikusia duten bideoei eta prentsa-artikuluei buruzko galdetegiak edo Partzuergoaren barruko mankomunitate bakoitzera egokitutako testa, hondakinen inguruan egiten duten kudeaketari buruzkoa.

 

100 ikastetxe baino gehiago programan

2019-2020 ikasturtean zehar, guztira 111 ikastetxe ari dira parte hartzen Hondakinen Partzuergoaren hezkuntza-programan (gutxi gorabehera, 9.000 ikasle). Alarma-egoera aitortu arte, 360 tailer baino gehiago eman ziren, eta ia beste 90 programatuta zeuden hurrengo hilabeteetarako. Hondakinak murrizteari eta behar bezala kudeatzeari buruzko prestakuntza ikastetxe guztiek beren programazioetan sartzen jarraitzeko helburuarekin, edukiak ingurune digitalera egokitzea erabaki dute.

Hondakinei buruzko tailer didaktikoak ikasturte osoan zehar ematen dira, eta Lehen Hezkuntzako ikasleei eta DBHko lehen ziklokoei bideratzen zaizkie. Tailerrak doakoak dira, langile espezializatuek koordinatzen dituzte, eta prebentzioa, berrerabilpena, ekonomia zirkularra, kontsumo arduratsua, konposta eta birziklatzeko banatze-lanak lantzen dituzte, batez ere materia organikoa, ontziak, Aparatu Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinak (AEEH) eta ikasleentzako eguneroko bestelako hondakinak azpimarratuaz.

Era berean, Partzuergoak hamaiketako arduratsua egiteko programa jartzen du ikastetxeen esku. Modu horretan, ikastaroaren eta ikastetxearen zuzendaritza eta tutoretzaren bitartez, ikasleek ‘BokatONa’ izeneko ogitarteko eramangailua jasotzen dute, hondakin gutxiago sortzeko.  Horiek banatzeko eta erabiltzeko, ikastetxeak zein familiek erabiltzeko konpromiso zehatza hartu behar dute, eskola-jardueran hondakinik ez sortzearren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun