Euriaren eta konfinamenduaren eraginez %60 murriztu dira neguko baso-suteak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 11a, 09:30

Joan den urteko neguko kanpainan, Nafarroa osoan Oronoz-Mugairiko suhiltzaileak izan ziren suteak itzaltzera ateraldi gehien egin behar izan zituztenak: 153 guztira. Aurtengo kanpainan ere eurek izan dira sute gehienetara joan behar izan dutenak: 84.

Bereziki udaberri hasieran egindako euriteak eta Covid-19aren aurka etxean konfinatzeko aginduak bete-betean eragin du neguko baso-suteen kanpainan. Urtarriletik apirilera bitarte 296 ateraldi egin behar izan dituzte suhiltzaileek suteak itzaltzera, joan den urtean garai berean baino dezente gutiago, 613 izan zirelako. Otsaila idorra eta beroa izan zen eta oraindik konfinamendua indarrean sartu gabea zenean, 155 baso-sute zenbatu zituzten suhiltzaileek, martxoan 81, apirilean 37 eta urtarrilean 23. Guztien artean, Oronozko suhiltzaileek izan ziren sute gehien itzali behar izan zituztenak: 84 guztira.

Aldi honetan baso-suteek beheiti egin badute ere, 2018ko lehenbiziko lauhilekoan baino baso-sute gehiago itzali behar izan dituzte suhiltzaileek. 2018an 250 baso-sutetara joan behar izan zuten: urtarrilean 20, otsailean 81, martxoan 64 eta apirilean 86. Aipatu beharrekoa da hilabete euritsuak izan zirela ordukoak eta sute-arriskuak nabarmen egin zuela beheiti. Bertzelakoa izan zen 2019ko egoera: tenperatura altuen eta prezipitazio baxuen ondorioz, sute kopurua hazi egin zen: guztira 613 baso-sute itzali behar izan zituzten suhiltzaileek: urtarrilean 20, otsailean 168, martxoan 329 eta apirilean 96. Horien artean, Oronoz-Mugairiko suhiltzaileek izan zuten sua itzaltzen lan gehien: 153 ateraldi egin behar izan zituzten.

Baimendutako larre-erretzeak
Aitzineko bi urteetako datuekin alderatuz, bazka hobetzeko, suteak saihesteko landareak murrizteko, habitatak hobetzeko edo plagak desegiteko helburuarekin egiten diren baimendutako larre-erretzeak beheiti egin dute, zehazki, %70 jaitsi dira. Kanpaina hasieran, Oronozko eta Auritzeko suhiltzaileen parkeetan 13 larre-erretze egin zituzten. Otsailean euriaren ondorioz ezin izan zuten egin eta gerora konfinamendua indarrean sartu zenean ere ez.

Suhiltzaileen parte-hartzerik gabe baserritarrek eurek egiten dituzten baimendutako erreketak ere jaitsi dira. Hala, Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, erronka handiak izanen dira 2021ean: 2020an egin gabe gelditu diren jarduerei eta 2021ekoei heldu beharko zaielako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun