EHNEk dio agroindustriaren aitzinean ekoizleentzako bidezko prezioen defentsan bakarrik gelditu dela

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 11a, 08:30
Egungo egoera ez dezatela nekazariei bidegabeko prezioak ordaintzeko probestu. Horixe izan da EHNE-Nafarroak egin duen eskaria.

EHNE-Nafarroa prezio justuak eskatu zituen eragile bakarra izan zen joan den ortziralean  egindako bilkura telematikoan. Bertan sektoreko bertze eragile batzuk, agroindustriak eta administrazioak parte hartu zuten. EHNE sindikatuak agroindustriari eskatu zion «ez dezala egungo egoera probestu nekazariei bidegabeko prezioak ordaintzeko, lehen ere gertatu den bezala, zainzurien kanpainan kasu».

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen Departamentuak eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kabineteak deituta, administraziotik Manu Aierdi eta Itziar Gomez kontseilariak eta bertze arduradun instituzionalak izan ziren. Bilera horretan, Imanol Iberok agroindustriaren ordezkariei (Alinar, conserbro, AN eta agrifood klusterrari hain zuzen) gaur indarrean dagoen elikadura katearen legearekin bete dezaten eskatu zien, ekoizpen prezioaren azpitik erostea debekatzen baitie.

Zentzu horretan ere, Nafarroak dituen eskumenak baliatuz, lege hori  bere osotasunean bete dadin lan egin dezatela eskatu zien, arduradun instituzionalei. Horretarako Turismo eta Kontsumo Departamentuari beharko dituen giza baliabide eta baliabide ekonomikoak eskaini diezaioten, lege horren betetzea bermatu dezan. Aipatzekoa da EHNE-Nafarroako lehendakariak ez zuela gai zehatz honen inguruan erantzunik jaso, ez agroindustriaren bozeramaileen partetik ezta administrazioaren partetik ere.

Hori dela eta, EHNE-Nafarroak egoera irregularrak jasan ditzazketen nekazariei zuzendu zaie, euren mozkinak ekoizpen kostuen azpitik saltzeko behartuta sentitzen denari, egoera horren frogak bildu eta gorde ditzan, jakin dezala prezio justua bermatu behar duen lege bat badela eta EHNE sindikatua lagun duela egoera salagarri horiek bideratzeko.

Bileran epe luzera begira ere hausnartu egin zuten. Zentzu horretan EHNE-Nafarroak «gure ekoizpen sistemaren erresilientzia falta» salatu zuen, baita «errelebo iraunkor bat bermatzearen beharra ere». Aldaketa klimatikoa eta despopulazioaren erronkari benetako arduraz  erantzungo dion erreleboaz hitz egin zuen. Nekazarien etengabeko galera salatu zuen, «azken hamarkadetan bultzatutako eredu batere erresilienteak sortutako egoera. Lurren pilaketa handia sortzen ari dena, politika desberdinek bultzatua Nekazaritza Politika Baturatuak besteak beste, nekazari txikiaren desagerpenera bultzatzen ari duena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun