Mauthausen askatu zuteneko 75. urteurreneko ospakizunekin bat egin du Gobernuak, Nafarroako biktimen behin-behineko errolda argitaratuta

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 7a, 11:00
Victor Garcia-Serrano Retegi beratarra kontzentrazio-esparruetan desagertutakotzat jo zuten.

Eskualdeko bortz lagun hil edo desagertu ziren nazien kontzentrazio esparruetan eta bertze zazpi askatu zituzten

Mauthausengo kontzentrazio-esparru naziaren 75. urteurrena dela eta, Nafarroako Gobernuak bat egin nahi izan du ospakizun horrekin, deportazioa eta nazien sarraskia jasan zuten ia 60 nafarren errolda argitaratzearekin.

Hildakoak edo desagertuak

Errolda horren arabera, eskualdeko bortz lagun hil edo desagertu ziren nazien kontzentrazio-esparruetan: Urrozko Marcelino Larrea Bertiz, Etxalarko Luis Anglade eta Felipe Sansiñena Iribarren eta Berako Francisca Romana (Frantxia) Halsuet Alzate eta Victor Garcia-Serrano Retegi (argazkian).

Luis Luis Anglade 1909ko ekainaren 19an jaio zen Etxalarren. 20 urteko Maria Manuela Anglade zen bere ama eta aita ezezaguna zuen. Erresistentziako kide izateagatik atxilotu zuten Luis Anglade Parisen eta Compiègnetik 1944ko urtarrilaren 17an abiatu zen tren-konboian eraman zuten Buchenwaldeko kontzentrazio-esparrura. Handik Flössenburg-eko esparrura eraman zuten 1944ko otsailaren 23an eta bertan hil zen 1944ko irailaren 5ean bihotzekoak jota (akuted herztod). Bere heriotz-agirian ageri denez, lanbidez oihaneko lanetan aritzen zen (waldarbeiter) edo egur-moztaile lanetan (holzacker).

Victor Claudio Garcia-Serrano Retegi 1916ko abuztuaren 23an jaio zen Beran. Aita, Claudio Garcia-Serrano Arias, Madrilgoa zen sortzez, baina umetatik Hondarribian hazitakoa. Ama, Berako Maria Pilar Retegi Elgorriaga zen. Zortzi senidetatik hirugarrena zen Victor. Beran bizi ziren, baina Victorrek 16 urte bete arte Hendaiako ikastetxe batean ikasi zuen. Bordelen bizi zela, eskualdean izandako sabotaia eta atentatu batzuen ondotik atxilotu zuten 1944ko apirilaren 21ean. Fort du Hâ-ko espetxean egon zen maiatzaren 10ª arte eta handik Royallie-Compiègnera eraman zuten eta Neuengammeko kontzentrazio-esparrura. Handik Fallersleben Laabergeko esparrura eraman zuten, Volkswagen enpresarako barrakak eraikitzera. Victor Garcia-Serranoren heriotza-agiririk ez da ageri ez Neuengamme ezta Fallerslebengo eremuetan. Desagertutzat eman zuten, baina baliteke Gurutze Gorriak Ravensburgen zuen konboi-ospitale batean hil izana, 1945eko ekainaren 9an Fiktor García izeneko eri bat ingresatu baitzuten bertan.

Askatutakoak

Askatu zituztenen artean, berriz, Berako Eugenio Alli Ferrero, Arantzako Guillermo Altzuri Larretxea, Erratzuko Ignacio Asteasuinzarra Apeztegia, Elizondoko Alejandro Elizalde Iribarren, Azpilkuetako Martin Lizarraga Etxepare, Beintza-Labaiengo Pedro Mariezkurrena Zozaia eta Saldiasko Jose Telletxea Otxandorena zeuden.

Pedro Mariezkurrena Zozaia 1902ko azaroaren 24an jaio zen Beintza-Labaienen; Jose Javier Mariezkurrena Gragirena eta Josefa Zozaia Juankorenaren semea zen.

Familiak 1919an emigratu zuen Frantziara eta Akitaniako herrixka baten jarri zen bizitzen, Lot et Garonne departamentuko Petit Lapeyren (Allons). Pedro Mariezkurrena erresistentziako kide izateagatik atxilotu zuen Gestapok 1944ko apirilaren 2ean. 1944ko apirilaren 21ean Compiègnetik abiatu zen konboian eraman zuten Neuengammera. Euskaldun aunitz omen zeuden konboi horretan. Naziek bere ondasun guztiak kendu zizkioten ailegatzerakoan, tartean 1974an Petit Lapeyreki bere etxera bueltatu zuten zilarrezko katea zuen erlojua. 1945eko apirilaren 11n askatu zuten.

Martin Lizarraga Etxepare 1920ko otsailaren 22an sortu zen Azpilkuetan. Itsasuko Agustin Lizarraga Zaldunbide eta Amaiurko Maria Etxepare Zaldua ziren bere gurasoak. Erresistentziako kide izateagatik deportatu zuten Martin Lizarraga 1943ko maiatzaren 8an Compiègnetik Sachsenhausenera. Ondotik, hegazkinak egiten zituen Heinkel enpresak Oranienburgen zuen esparrura eraman zuten eta bertan askatu zuten errusiarrek 1945eko maiatzaren 8an.

Martin Lizarragaren aitak, Agustinek, ez zuen halako suerterik izan. Dorako kontzentrazio-esparrura eraman zuten lehenik eta Bergen-Belsenera ondotik. Agustin aita 1945eko urtarrilaren 7an hil zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun