Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdean toki-garapenerako 17 proiektu martxan jartzea babestuko du

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 5a, 13:00

Leitzako plazan eremu bat egokitzeko 50.000 euroko laguntza emanen dio Cedernak Leitzako udalari.

Leitzan eremu bat egokituko dute bertakoei eta bisitariei harrera egiteko, Donezteben interiorismo-denda bat irekitzeko eta Denok Bat merkatarien eta saltokien Federazioak on-line denda osatzeko laguntzak eman ditu

Apirilaren 6an, Cederna Garalur Elkartearen batzorde erabakitzaileak Cederna Garalur 2014-2020 TGPE landa-garapenerako programaren laugarren deialdira aurkeztutako proiektuetarako dirulaguntzak ematea onartu zuen. Programa 2019an itxi zen. Onartutako 17 programetatik, zortzi tokiko enpresek edo ekintzaileek aurkeztutakoak dira, eta bederatzi ekimen publikoek (ekoizpenekoak ez diren proiektuak). Guztira, proiektuek 647.181,16 euro jasoko dute, diruz lagun daitezkeen inbertsioen % 28,7.  

Deialdi honetan, proiektu publikoak honetan zentratu dira: bertzea bertze, erabilera anitzeko aretoak edo espazioak gaitzea eta hornitzea; honela, Leitzako Udalak herriko plazan eremu bat egokituko du bertakoei eta bisitariei harrera egiteko. Horretarako, lagun zitekeen 76.846,68 euroko inbertsiotik 50.000 euroko dirulaguntza jasoko du Leitzako Udalak.

Ekoizpeneko proiektuen kasuan, Denok Bat Federazioak Denok Bat Market Place on-line denda sortzeko asmoa du eta Donezteben interiorismo denda bat sortzeko laguntza ere eskainiko dute.

Azaroaren 25ean, Cederna Garalur Elkartearen 2014-2020 aldirako TGPE Landa Garapenerako Programara proiektuak aurkezteko laugarren deialdia itxi zen. Deialdi horretara 30 proiektu aurkeztu ziren, eta horietatik hiruk gibelera egin zuten eta bertze bi gibelera bota ziren, deialdiaren baldintzak betetzen ez zituztelako. 25 proiektu baremazio- eta emendakin-fasera igaro ziren, eta norgehiagoka bidez esleitu ziren. Eskatutako dirulaguntzak baremazioan lortutako puntuazioaren arabera eman dira, ekoizpeneko proiektuei lehentasuna emanda.  

'Cederna Garalur' TGPE Nafarroako Gobernuaren eta EBren LGENF funtsen baterako finantziazioa du, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programako 19.2 neurriaren bitartez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun