Maiatzaren 2an hasiko dira internet bidezko bertso plazekin

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 30a, 20:00

Lanku Kultur Zerbitzuen bidez antolatuta zeuden saioei bide emango diete, ohiko plaza sarekora ekarrita. Bi hitzordu izango ditugu asteburuan.  Bertso plaza isilarazi du pandemiak, baina Internet sarea zortziko txikiz eta habaneraz bete du. WiFi seinaleaz harago, ahots hori sendoago entzuteko, Plaza eta Bidaiak ekimenak jarri ditu abian Bertsozale Elkarteak. Bertsoa.eus atarian eskainiko dira. 

Lanku Kultur Zerbitzuen bidez antolatuta zeuden saioei bide emango die Plaza ekimenak. Hitzartuta zeuden saioak online eskaintzeko aukera emango zaie antolatzaileei: bi eskainiko ditugu asteburu honetan. 

Maiatzaren 2an aurkeztuko dute lehen saioa: Idoia Anzorandiak gaiak jarrita, Jone Uria, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa ariko dira kantuan. 18:30ean hasiko da saioa. Hurrengo egunean, 18:00etatik aurrera, Igor Elortza eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, Kike Amonarrizek jarritako gaiei erantzuten. Bigarren saio hau Erandioko Udalak antolatutakoa da. 

Bidaiak ekimenaren lehena maiatzaren 6an, asteazkenean, ikusiko dugu 18:30ean hasita. Andoni Egañarekin batera, Alaia Martinek eta Amets Arzallusek haurtzarora egingo dute bidaia, eta haiekin joango gara gu ere urteetan atzera. Gai eta molde berritzaileak proposatu, esperimentaziorako gunea izatea nahi dugu, eta asteazkenero irekiko dugu laborategia. 

Bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko ahalegin horretan aurrez jada abiatua genuen Potokastak ekimenari gehitu zaizkie Plaza eta Bidaiak. Entzuteko elkarrizketa eta sorkuntza ariketa txikiak dira Potokastak eta jada zenbait atal entzungai daude Bertsoa.eus atarian bertan; astelehenero ale berri bat.

Ekarpena egiteko bideak

Bertso plaza indartzeko eta bertsolariek proposamen ordainduak izateko helburua dute sareko bertso saio hauek. Bertsozale Elkarteak bere baliabideekin finantzatzen baditu ere, bertsozaleek izango dute beren ekarpena egiteko aukera kanal hauen bitartez:

  • 688 88 69 35 telefono zenbakian Bizum bidez; eta
  • Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko honako kontu edo IBAN kodean:

ES16 3035 0060 43 0600042844 >>> BIC (Swift) kodea behar izanez gero, CLPEES2MXXX

Maiatzaren 2an elkartuko gara Plazan!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun