Nafarroako Gobernuak 1,34 milioi euro inbertituko ditu eskualdean udal azpiegiturak hobetzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 30a, 13:00

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia den Jesús Mª Rodríguez Gómez eta Toki Azpiegitura Zerbitzuaren zuzendaria den Cristina Toledano prentsaurrekoan.

Nafarroa osoan 24 milioi euro bideratuko ditu Tokiko Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak

Nafarroako Gobernuko Tokiko Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak 24 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu 2017-2019ko Tokiko Inbertsioen Programan (TIP) sartutako udal azpiegiturak hobetzeko proiektuetarako. Gaur egun, 238 proiektu garatzen ari dira 111 herritan, 22,1 milioi eurotik goitiko zenbatekoarekin. Horrez gain, bertze 2,2 milioi euro jarriko dira toki-erakundeek hautatutako determinazio libreko inbertsioetarako.

2017-2019 TIP luzatzea onartu eta gero, Toki Administrazioak guztira 24,3 milioi euroko esleipena eginen du dagoeneko gauzatze-fasean aurkitzen diren proiektuak osatzeko eta hasteko dauden bertze obra batzuk egiteko.

Datu horiek ezagutzera eman dituzte Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia den Jesús Mª Rodríguez Gómezek eta Toki Azpiegitura Zerbitzuaren zuzendaria den Cristina Toledanok prentsaurrekoan. Zuzendari nagusiaren arabera, inbertsioak «oinarrizko udal-zerbitzuak hobetzea sustatuko du Foru Komunitate Osoan, toki-erakundeak babesten jarraitzeko aukera ematearekin batera, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa izanik, eta soilik modu horretan hobetu ahal izango ditugu Nafarroako biztanleriaren bizi-baldintzak oro har».

 

Eskualdera 1,24 milioi euro

Gure inguruan, Baztan-Bidasoko eskualdeak 941.423,11 euroko esleipena du TIPen kargura eta Larraun-Leitzaldeak guztira 700.000 euro ingurukoa (403.410,29 euro Arano, Goizueta eta Leitzan). Beraz, denera, Ttipi-Ttapak Nafarroan hartzen duen eskualdeko udal erakundeek 1.344.833,4 euro jasoko dituzte

Inbertsio-programaren baitan 128.996,58 euro jasoko ditu Doneztebeko udalak, ur-biltegia egiteko; 117.511,30 euro Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak, garbiguneetarako; Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak 105.277,61 euro jasoko ditu Goizuetan Mendialdeko konpostaje-planta egiteko eta 56.835,50 Zugarramurdiko Udalak, ur-hartze berriak egiteko eta banatzeko.

Tokiko programazioaren baitan, berriz, Aranoko udalak 31.729,35 euro jasoko ditu Beheko Herriko ur-hornidura sarerarko ella 62.898,02 Goiko Herriko ur-hornidura sarerako; Arantzako udalak 6.748,71 euro jasoko ditu Bordalarreko biderako; 5.369,05 euro Irullegialdeko biderako eta 12.878,34 Herriko Etxean eskailera-igogailua instalatzeko; Baztango Udalak 42.863,87 euro jasoko ditu Azpilkuetako hornidura, saneamendu eta euri uren sareetarako, 76.754,75 euro Zuaztoiko Azpilkuetako hornidura, saneamendu eta euri uren sareetarako, 16.157,15 euro Urruxkako biderako, 31.272,85 euro Sumutsuko biderako, 31.016,56 euro Azpilkuetako karriketako zolaberritze lanetarako eta 61.479,19 euro Zuaztoiko zolaberritze lanetarako; Berako Udalak 96.912,72 euro jasoko ditu Agerra auzoko ur-hornidura eta saneamendu sarerako, 45.486,40 euro argiteria publikoa berritzeko, 43.837,26 euro Eztegara pilotalekua gaur egungo araudira egokitzeko lanen hirugarren faserako eta 33.039,86 euro Musika Eskolako irisgarritasuna hobetzeko; Donamariako udalak 56.391,03 euro jasoko ditu Gazteluko karrika nagusia zolaberritzeko; Eratsungo udalak 42.381,87 euro jasoko ditu Herriko Etxean moldaketak egiteko; Goizuetako udalak 66.343,31 udaletxerako irisgarritasuna hobetzeko; Leitzako udalak 137.162 euro udaletxearen teilatua zaharberritzeko; Sunbillako udalak 10.161,30 euro eskola publiko berriaren hirigintza-lanetarako eta bertze 658,64 euro eskola berriaren hirigintza-sareetarako eta Urdazubiko Udalak 24.670,18 euro Katalinkobordako biderako.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun