Kultur sorkuntzarako beka deialdia egin du Korrika-AEKk

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 24a, 20:00
Beka 23.000 eurokoa izanen da, eta 23. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2022k azarotik 2023ko apirilera, hain zuzen.

AEK-k, Korrika kulturalaren bidez, lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izanen da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute.

Bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta, 23. Korrikatik aurrera, Korrika kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea. Beka 23.000 eurokoa izanen da, eta 23. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2022k azarotik 2023ko apirilera, hain zuzen.

Bekaren ezaugarri guztiak dagoeneko zabaldu dira, eta proposamenak 2020ko urriaren eta 2021eko urtarrilaren artean aurkeztu beharko dira.

Urrats hau eginda, hemendik bi ediziotara begira jarriko dira: batetik, kultur sorkuntzari beste bultzada bat emateko; bestetik, Korrikako kultur eskaintza guztiz berritzeko. Hori dela eta, tartean izango den edizioa, 22. Korrika, 2020ko azaroan aurkeztuko dutenez, kultur eskaintza beste era batean osatuko dute, elkarlana bultzatuz, Euskal Herrian abian izanen diren sorkuntza-lanak Korrikan ere sustatuz eta leku gehiagora eramanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun