Igaro ziren aspaldi euren etxeetan itxita idazten zuten emakumeak,Bizenta Mogelek orduak igaro zituen bere ipuin onak idazten edota Virginia Woolf-ek bere gela propioa zirriborratzen hatzak beltzez zikinduz.
Igaro ziren ez hain aspaldi euren etxeetan isilik idazten zuten emakumeak, Maialen Jauregiberrik bere euskara ikasteko metodologia edota Simone de Beauvoir-ek beste sexu honi buruz pentsarazteko aldarria etxetik plazara aterarazten saiatu zirenak, esku batean bolaluma eta bestean ukabila gora!
Igaro ziren garai haiek eta nik neure gela propioan tekla beltzak sakatzen ditut ene munduko iragaitea alferrik izan ez dadin eta orain eta hemen ene egia jakin dezazuen, ene aitzineko emakumeak gogo-bihotzean, esku batean liburua eta bestean arrosa eta etxearen balkoiaren ertzean gorostia, maitasuna eta adiskidetasuna izan ditzadan beti gidari, bi landareak maite ditut eta behar, arrosa maitasuna da, behin bakarrik loratzen delako, eta gorostia adiskidetasuna da, negu batetik bestera irauten baitu bizirik.
Orri zuriak beltzez tindatzen jarrai dezadan ilberritan bizi naiz.