Etxepare Sarirako lanak aurkezteko epea maiatzaren 22ra arte luzatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 23a, 07:48

Lanak e-posta bidez bidaltzeko aukera ere eskaini dute

Covid-19ak sortu duen egoeraren aurrean, Etxepare sariko antolatzaileak diren toki entitateek 2020ko Etxepare sarietan lana aurkeztu nahi dutenei jakinarazi dietenez, lanak entregatzeko epea luzatu eginen da, hau da, maiatzaren 22a izanen da lanak entregatzeko azken eguna. Honekin bermatu nahi dutena da aurten argitaratu ahal izatea lan irabazlea. Nolanahi ere, jabetzen dira egile batzuk zailtasunak izanen dituztela lanak inprimatzeko edota bidaltzeko. Horiek horrela, aukera izanen da lanak e-Posta bidez bidaltzeko. Zehazki, info@etxeparesaria.eus helbidera bidali beharko dira, batetik lana bera eta bestetik egileen datuak, oinarrietan ezarritako jarraibideei jarraituz.

Nafarroako euskara zerbitzuok idazleak eta egileak eta ilustratzaileak animatu nahi ditugu haien lanak egiten jarraitzera, aurten saria emanen dela bermatua baitago.

Edozein argibiderako, idatzi info@etxeparesaria.eus helbidera.

Antolatzaileak:

Agoizko Udala; Antsoaingo Udala; Atarrabiako Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Galar Zendeako Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Irantzu Mankomunitatea; Iruñeko Udala; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea;  Tafallako Udala; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.

Laguntzaileak: Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea

Babeslea: Nafarroako Gobernua

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun