«Covid-ak loratu gaitzala»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 19a, 09:00

«Gaixotasuna, gaixotasuna eta berriz ere gaixotasuna, ez da bertzerik aditzen, maskaraz betetako TTIPI-TTAPAren azalean bezala». Halaxe dio Joseba Aleman Irigoienek TTIPI-TTAPAra igorri duen iritzi artikuluan. Horren aitzinean, «kalteak behin eta berriz zerrendatu eta komentatzeari uzteko» proposamena luzatu du «eta Maider Iantziren TTIPI-TTAPAko kolaborazioan ekarritako ipuinak erakutsi bezala aprobetxatu dezagun eta loratu gaitezen».

Apirilak 16, TTIPI-TTAPAren ale berria iritsi da etxera. 62 urte beteko lituzke amak gaur, baina duela bi urte galdu genuen, gaixotasunez. Gaixotasuna, gaixotasuna eta berriz ere gaixotasuna, ez da bertzerik aditzen, maskaraz betetako ale honen azalean bezala. Amaren heriotzari atera genion alde ona, eta oraingo pandemiari ere atera ahal zaio gizartearen gehiengoa kontrakoa egiten tematu bada ere. 

Covid 19-ak aspaldi abiatu zuen bere bidea eta atzera bueltarik ez dago, lehenago ez genuen bizi garen sistemaren arrailduretan pentsatu nahi (ekonomia garrantzitsuegia da pertsonari tartea eskaintzeko) eta orain beranduegi da. 

«Komunikabide gehienek dezepzionatu egin naute bertze behin».

Komunikabide gehienek dezepzionatu egin naute bertze behin. Orduz ordu datuak berritzen dabiltza gu informatuta edukitzeko, baina informazioak zerbaitetarako baliatzen ez badugu ez du inongo baliorik, eta zer nahi duzue erratea, bezperan baino 10 hildako, 58 gaixo eta 3 alta gehiago daudela jakiteak niri ez dit deus ere aportatzen, eguneroko ogia dira azken hilabetean.

TTIPI-TTAPA ireki dut beraz, eta lehen orrietako iritzi artikuluak irakurri ditut. Hemen bai, informazioa aurkitu dut, milesker «ttipi-kolaboratzaileei». Maider Iantzik oparitu digun ipuin indiarrak nire arreta erakarri du. Irakurri gabe pasatu bazitzaizuen hura berreskuratzera animatzen zaituztet, ederra baita irakaspena eta hemen dakarten hausnarketak horixe baitu mintzagai, idazleak helburu zuen bezala. Hurrengo orrian Maitane Maritorena eta Eñaut Iparragirreren artikuluak datoz, aberasgarriak hauek ere. 

Aipatu bezala gizartearen gehiengoa Covid-ak ekarritako arraildurei so dago, baina hauei ordu eta egunetan beha egoteak ez du deus ere konponduko. Hori bai, Maitanek eta Eñautek egin bezala pitzadura zerk sortu duen aztertzeak etorkizunerako irakatsi ahal digu zerbait. Bertze aukera Maiderrek proposatutakoa da, kalteari zerbait ona ateratzen saiatzea, alegia. Ez naiz ni la alegría de la huerta erraten dena, baina bigarren aukera honi eustea erabaki dut.

Aipatu komunikabideek eta bertze hainbat gremiok egin ez duten bezala irakasleok ahal dugun neurrian gure lana egoerara moldatu dugu, eskolako martxa jarraitzeko bide berriak irekiz, irudimena eta sormena askatuz. Baten batek (aukera duen aldiro gure oporraldi luzeak aurpegiratzen dizkigun horrek seguru aski) pentsatuko du handinahikeriaz solas egiten nabilela, hor konpon, entzun eta ikusi nahi ez duena baino itsu eta gorragorik ez dago. Egonen dira kontrakoak ere, etxean gure lana hurbilagotik ikusteko aukera izanik gehiago baloratuko dutenak. Nire irakasle taldean behinik behin azken hilabetean burua hautsi dugu umeen ikasketari jarraipena emateko eta batez ere beraien ongizate emozionalean pentsatuz proposamen dibertigarri eta entretenigarriak prestatu eta bideratzeko, etxeko itzalera eguzki-izpi batzuk bidali eta irri bat ateratzeko intentzioz, telebistak egiten duen bezala pandemiak ekarritako oinazea uneoro gogorarazi ordez. Ez ote dugu nahikoa etxean sartuta egon behar honekin!

«Gainerako denborari ere etekin positiboa ateratzen saiatzen nabil»

Gainerako denborari ere etekin positiboa ateratzen saiatzen nabil, eguneroko bizi-erritmoak eskaintzen ez digun denbora gitarrarekin eta irakurketarekin gozatuz, edo ikusten duzuen bezala bizitzan lehenengoz nire hausnarketa bat aldizkari honetan plazaratuz.

Beraz, puta mierda hau konpondu ezin dugunez, utz diezaiogun kalteak behin eta berriz zerrendatu eta komentatzeari eta lantzik ekarritako ipuinak erakutsi bezala aprobetxatu dezagun eta loratu gaitezen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun