Euskal Herriko Historia on line ikastaroaren edizio berezia ireki du Nabarraldek

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 18a, 11:00
Angel Rekalde, Nabarralde Fundazioko zuzendaria.

Euskal historiaren eta oroime historikoaren inguruko gogoeta analitikoa sustatzea du helburu ikastaroak

Konfinamendu egoerari aurre egiteko eta ikaskuntza materiala eskuragarri jartzeko beharrak bultzatuta, Nabarralde Fundazioak Euskal Herriko Historia online ikastaroaren edizio berezi bat martxan jarri du, ekainaren bukaera arte burutu ahal izanen dena. Euskal historiako gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna, identitatea, ondarea... Ikastaroan landuko diren alorretako batzuk bertzerik ez dira. Ikastaroaren ohiko matrikula %30ean beheratu du fundazioak, eta izen-ematea dagoeneko zabalik dago haren webgunean.

Moduluetako bakoitza itzal handiko historialariek zuzendutakoa da, besteak beste, Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren edota Jean Louis Davant; eta Nafarroako historiaren mugarriak izan diren gertakarietan sakontzen dute: historiaurretik hasi eta 36ko gerraraino, Orregako batailatik, 1200 eta 1512ko konkistetatik edota karlistadetatik igarota.

«Ikastaro honek Euskal Herriko historiaren irakurketa orokor eta sintetiko bat eskaintzen du, ikuspegi propio batetik landua», azaldu du Angel Rekaldek, Nabarralde Fundazioko zuzendariak. «Historia da gizarte batek bere buruaz egiten duen kontakizunaren osagarri garrantzitsuenetako bat. Narrazio argumentatu bat eskaintzen du eta zentzua ematen die gizartearen jatorri, garapen eta baldintze». Hala, gaur egungo errealitatean eragina duten gertaera historikoak eta mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira bertan.

«Dudarik gabe, ikastaro honetan Nabarraldek oinarri nagusitzat dituen kontzeptuak lantzen dira, eta zoriontzekoa da urtez urte eta edizioz edizio jasotzen duen erantzun eta harrera ona», azpimarratu du Rekaldek.

Ikastaroa gaian interesa duten edo beraien jarduna garatzeko prestakuntza behar duten irakasle eta hezkuntza munduko profesionalei zuzentzen da, baita publiko zabalago bati ere. «Azken finean, gure herriaren testuinguru politiko, sozial eta kulturala ulertu nahi duen edonori zuzentzen zaio».

 

Bakoitza bere erritmoan

Ikastaroa, matrikula osatu eta berehala hasiko da. Hala, ikasle bezala alta ematen denetik ekaina bitartean, ikasle bakoitzak bere erritmo propioa markatzeko gaitasuna izango du, betiere irakasleek lagunduta. Ikastaroa e-learning ikaskuntzan oinarritzen da, ikaslea ikaskuntza prozesuan laguntzeko baliabide ugariak eskaintzen dituelarik. Ikasgaiak sarrera bideo batez, ikasgaiaren zuzendariak landutako edukiez eta eduki gehigarriz osatzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun