Marra jarraitu bikoitzarekin banatuko dira bi zirkulazio-noranzkoak N-121-A errepide osoan

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 16a, 12:00
Dagoeneko hasiak dira N-121-A errepidean marra jarraitu bikoitza margotzen.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentua bide honetan seinalizazio horizontala birjartzeko lanak egiten hasi da ikusgarritasuna hobetzeko

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentua seinalizazio horizontala birjartzeko lanak egiten hasi da N-121-A errepideko ardatzean eta alboetan, bidearen ikusgarritasuna hobetzeko eta homogeneotasun handiagoa izateko helburuarekin. Berrikuntza nagusi gisa, marra jarraitu bikoitza margotuko da bi zirkulazio-noranzkoak banatzeko errepide horren 63 kilometroko tartean.

Behin hobekuntza-jarduera bukatuta, errei bikoitza duten 36,87 kilometrotan bakarrik aitzintzen ahalko da (bidearen luzera osoaren %58,61).

Seinalizazio horizontala berriro pintatzeko lanak 21 bat egunetan egitea aurreikusten da, baldintza meteorologikoen arabera. Jarduera horren kostua 375.000 eurokoa izanen da, gutxi gorabehera.

 

Bi erreiko bide-tartean aurreratzeko aukera ematen duen marka etena ezabatuko da

Marra jarraitu bikoitzak bi erreiko bost bide-zatiei ere eraginen die (horietan orain arte aurreratzeak baimenduta zeuden zirkulazioaren kontrako noranzkoa inbadituta). Modu horretan, aurreratzea debekatuko da ardatzean edo horri itsatsita marra eten bat zuten 3,36 kilometrotan, hots, bidearen %5,34ko luzeran. Zehazki, honako zati hauek izango dira: 9+220-9+720, 9+880-10+130, 16+330-16+600, 21+590-22+120 eta 22+370- 22+850 Iruña-Irun noranzkoan; eta 23+080-22+520, 22+270-21+710, 16+800-16+300, 11+630-11+270, 10+380-9+950 eta 9+850-9+470 Irun-Iruña noranzkoan.

Neurria martxoaren hasiera aldera adostu zuten Nafarroako Gobernuak eta Gobernuaren Ordezkaritzak, errepide horretako ezbehar-tasa murrizteko helburuarekin.

Jarduera horien bitartez, Nafarroako Gobernuak otsailean ezarri zituen bertze batzuk indartuko dira; hala nola, N-121-A errepideko hiru erreiko bide-tarteetan aurreratzeak noranzko batera mugatzea. Gogoratu behar da neurri hau hartu dutela Foruzaingoaren Trafiko eta Bide Segurtasun Arloak N-121-A errepideko istripu-tasaren inguruan egindako txostenetan egiaztatu delako arrisku-egoerak sortzen zirela erdiko erreian eta kontrako noranzkoetan aurreratzean egokitzen ziren ibilgailuen artean.   

Azkenik, Lurralde Kohesiorako Departamentuak gogoratu nahi du, neguko bidezaintza kanpaina bukatu eta gero, N-121-A errepideko zenbait zatitan, 25+990 eta 68+440 kilometro-puntuen artean, fresatzea eta zorua berritzea programatuta dagoela. Jarduera horri esker, marruskadura-koefizientea eta erregulartasuna hobetu ahal izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun