Asiako liztorrak harrapatzeko tranpak egiten erakusten duen bideoa

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 10a, 12:00

Nafarroako Basozainek Asiako liztorrak harrapatzeko tranpa-kanpaina abian dute Iruñerrian. Berez, ez da Mendialdeko herrietan egiten ari diren kanpaina, baina tranpak nola egiten diren erakutsiz bideo interesgarri bat prestatu dute, nornahirentzat interesgarria dena.

Maiatzera arte, Asiako liztorrek kolonia berriak sortuko dituzte han-hemenka toki guztietan. Lehenik kabia edo habia eginen dute, eta hor jarriko dituzte larbak eta zainduko dituzte liztor berriak hazi arte. Eta kabian dauden une hori da, hain zuzen, Asiako liztorrak harrapatzeko momentu bakarra.

Nafarroako Basozainek egindako bideo honetan ikusten ahal da eurek nola egiten dituzten tranpak, lehenik mendian bildutako botilak birziklatuz. Botilak bildu eta garbitu ondotik, horiekin tranpa prestatzen dute eta aitzineko urtean kabiak ikusi diren tokietan paratuko dituzte. Basozainek eurek, 100 tranpa baino gehiago paratu dituzte amu gisa feromonak eta bertze «etxeko formula» bat erabiliz. Hainbat tokitan bi tranpa paratu dituzte, bat feromonekin eta bertzea «etxeko formularekin», eta gerora horietako bakoitzak duen eraginkortasunari buruzko konparazioak egin nahi dituzte. Hartara, Asiako liztorraren fenologia, bere bilakaera eta portaera hobeki ezagutu, eta espezie inbaditzaile honen aurkako borrokan aurrera egiteko informazio gehiago lortu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun