Bertan behera utzitako bidaia eta hegaldiei buruzko ia mila kontsulta artatu ditu Irache kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 4a, 18:00
Susana Arizkun, Irache Kontsumitzaileen Elkarteko zuzendari laguntzailea

Koronabirusak sortutako egoera dela eta, Irache Kontsumitzaileen Elkarteak ia mila kontsulta artatu ditu azken egunotan. Ia kasu guztietan bertan behera utzitako hegaldiak, bidaia antolatuak, ezkontzetako musikariak, ikastaroak eta antzekoak dira, eta kaltetuek ez dakite nola jokatu.

Bertan behera gelditu diren hegaldien kasuan, Irache elkartearen arabera, txartelaren kostu osoa itzultzea eskatzeko eskubidea dute kontsumitzaileek.

Hurrengo aste edo hilabeteetarako aurreikusitako hegaldietan dago arazoa, konpainia guztiak ez baitira modu berean ari. Konpainia batzuk doako aldaketak edo urtebeterako bonuak eskaintzen ari dira. Kontsumitzaile batzuek onartzen dituzte aldaketa horiek, eta bertze batzuek nahiago dute erabaki bat hartu aurretik denbora gehiago itxaron.

Hotelen, kontzertuen, kanpinen edo landetxeen erreserbak bertan behera uztea pentsatzen ari diren ehunka pertsona artatu dituzte. Iracheren iritziz, erreserba edo jarduera bertan behera uzten duena enpresaria baldin bada eta, kontsumitzailearekin akordio batera iristen ez bada, dirua itzuli beharko dio.

Iracheren ustez, «bizi dugun salbuespen-egoera hau ezinbesteko kausa da, kontsumitzaileak ezin baitzuen aurreikusi zerbitzuak kontratatu zituen unean», eta, horregatik, enpresarekin harremanetan jartzea eta adiskidetasunezko akordio bat lortzen saiatzea gomendatzen dute elkarteko teknikoek.

Bertze kasu batzuetan, kontsumitzaileak bidaia konbinatu bat du kontratatuta agentzia baten bidez, hegaldiak eta ostatua, konparaziora. Iracheren iritziz, bidaia koronabirusaren ondorioz ezeztatu bada, antolatzaileak, edo, hala badagokio txikizkariak (bidaia-agentzia), bonu bat eman ahal izanen dio kontsumitzaileari, alarma-egoeraren eta haren luzapenen indarraldia amaitu eta urtebeteren barruan erabil dezan, eta zenbateko hori dagokion diru-itzulketaren berdina izanen da.

Bonuaren balio-epea igaro eta erabili ez bada, egindako edozein ordainketaren itzulketa osoa eskatu ahal izanen du kontsumitzaileak. Gainerakoan, bidaia konbinatuen legeari jarraiki, kontsumitzaileak itzulketa zuzenean eska dezake.

Irachera kontsulta egitera joan direnen artean, ezkontzaren ospakizuna uda hasierarako erreserbatuta zuten hainbat pertsona ere badaude. Establezimendu batzuk abuzturako, irailerako edo urrirako soilik ari dira data aldaketa eskaintzen, itzultzeko aukerarik gabe.

Irachek nabarmendu du, enpresek emandako erantzunaz eta kontsumitzaileek dituzten eskubideez harago, komenigarria dela kontsumitzaileek beren erreserbetan kontsultatzea kontratazio-baldintzak eta egiaztatzea deuseztatze-asegururen bat kontratatu ote duten, bai eta horien estaldurak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun