Unibertsitatean ere euskaraz ikasi nahi dute

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 5a, 12:00

Apirilaren 2an euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa egitekoa zuten. Koronabirusa tarteko, ordea, gibelatu egin dute.

Euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko aldarria ez da oraingoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Baina oraindik eskaera egia bihurtu ez denez, lanean segitzen du NUPeko Euskara Taldeak. Aunitz dira talde horretako kide diren eskualdeko ikasleak.

Euskaraz ikasteko eskubidea. Horixe, ez gehiago, ez guttiago. Ez dute bertzerik eskatzen Amaiak, Itziarrek, Mattinek, Janirek, Oihanek, Iraiak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ari diren bertze hainbat eta hainbat ikaslek. Horretarako nahiko arrazoi badirela diote, bertzeak bertze, euskaraz ikasi eta irakatsi nahi duten ikasle eta irakasle euskaldunak badirelako eta unibertsitatearen estatutuek «euskara gaztelaniaren pareko hizkuntza» gisa aitortzen dutelako.

Aspaldikoa da euskarazko ikasketen aldeko aldarria NUPen. Hori du helburu duela hamar bat urte sortu zen Euskara Taldeak. Hala ere, Iraia Jaurena Etxart taldeko kide urdazubiarrak kontatu digunez, «beti egon da presente euskararen gaia bertze talde batzuen barnean». Euskara Taldeak duela urte batzuk «indar handia» hartu omen zuen, «batez ere euskararen egoera ainitzez okerragoa zenean». Gerora, ordea, «ikasgai batzuk euskaraz lortzen hasitakoan, jendea erlaxatu» zelakoan dago, «baina azken aldian, berriz ere gaia indarra hartzen ari da».

Euskaldunak goiti
Euskaraz ikasteko eskubiderik izan ez, eta «ingelesaren azpitik, euskara hirugarren mailan kokatua» izatea «onartezina» iruditzen zaie Euskara Taldekoei. Jaurenaren hitzetan, «murritza» da gaur egun euskarak unibertsitate publikoan duen tokia. Aitzitik,«urtetik urtera gero eta ikasle gehiagok dakite euskaraz, eta maila ere geroz eta handiagoa da, nahiz eta kanpoan ez den aditzen».  Gehiago ere bai: «irakasle euskaldunak ere badaude, baina ez dira ikasgai berriak euskaraz eskaintzen».

Unibertsitatean egindako inkesta soziolinguistikoa ere ekarri du urdazubiarrak gogora. Horren arabera, «gaur egun, ikasleen %45,8 euskara ulertzeko gai da, eta horietatik %68,32k, hau da, unibertsitateko ikasle guztien %31,29k euskara ongi menperatzen du».

Lautik bat ere ez euskaraz
Ikasturte honetan, 1.506 kreditu eskaini dituzte euskaraz NUPen, «graduen %23a guti goiti-beheiti». Gradu batetik bertzera, ordea, «alde handia» dagoela baieztatu digu Euskara Taldeko kideak: «Gaur egun, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak bakarrik egiten ahal dira osorik euskaraz, aurten paratu duten gradu bikoitzarekin batera». Bertze graduetan «egoera bertzelakoa» dela azaldu du: «Ingeniaritza batzuetan eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduan euskaraz ikasgaiak lehenbiziko urteetan eskaintzen dituzte, baina erizaintza ikasketetan, adibidez, gradu osoan hiru ikasgai bertzerik ez dituzte euskaraz». 

Osasun Fakultatea, 'berezia'
Osasun Fakultatean gertatzen dena «kasu berezia» dela uste du Jaurenak: «ikasleen erdia baino gehiago euskaldunak izanik, arras ikasgai guti dituzte euskaraz, nahiz eta irakasleen eskaintza ere egon badagoen».

Egoera horri buelta eman nahian, fakultate horretan hainbat aldiz egin dituzte sinadura bilketak. Joan den otsailean egin zuten azkena eta Jaurenak «balorazio positiboa» egin du: «150 bat sinadura lortu genituen aste batean». Horietatik 120k euskaraz ikasi nahiko luketela adierazi zuten. 

Sinadura bilketaz gain, unibertsitatean euskararen presentzia areagotzeko bertzelako ekimenak ere egin eta egiten dituzte: «ikasle euskaldunak identifikatzen saiatu gara, irakasleekin harremanetan jarri gara, errektoretzako arduradunekin mintzatu gara... Baina aurrerapausoak aski motel doaz». 

Errektorearen gibeletik
2019ko ekainean hartu zuen kargua Ramon Gonzalo NUPeko egungo errektoreak. Jaurenak ez dio «euskararen kontrako jarrerarik sumatu», baina «bere kabuz euskararengatik deus ez du egiten», gaineratu du: «beti gibeletik eskaka aritu behar izan dugu. Irakasleek beren burua euskarazko ikasgaiak emateko proposatuta eta ikasleek haien egoera azalduta egin dira azken urte honetako aurrerapausoak».

Euskara Plana ere badute NUPen. «Euskararen Plan gidaria 2017 eta 2019 urteetarako proposatu zuten, urte horietan euskararen inguruan bete beharreko helburuak finkatuz. Kredituen igoerari dagokionez, helburua ez da gradu guztietan bete, baina bertze arlo batzuetan, itzulpengintzan edo Ikergazte kongresua egitean, euskararen presentzia handitu da».

Aitzinera begira
Kontuak kontu, argi dute bidea: «lanean segituko dugu, errektoretzarekin harremanetan, Euskararen Plan Estrategikoan parte hartzen, Nafarroako Gobernuarekin eta behar den guztiekin lanean». Koronabirusa tarteko, Unibertsitatean Euskaraz Orain dinamika eta apirilaren 2an egitekoa zuten manifestazioa gibelatu badituzte ere, euskaraz ikastearen aldeko eskaerari eutsiko diote.

Hori lortzeko bidean, ikasleek ere zer errana badutela uste du urdazubiarrak eta horregatik eskatu die «euskararen egoeraz jabetzeko eta haien aldetik ahal duten guztia egiteko». Azaldu duenez, «aunitzetan, graduko urteetan hizkuntza batetik bertzerako aldaketa zaila izaten dela argudiatuz, ikasle euskaldunek lehenbizitik ikasgaiak gaztelaniaz hartzen dituzte euskaraz aukera izanik ere». Bere irudiko hori ez da bidea: «jokabide horrekin euskarazko eskaintza murriztea eta ikasgaiak euskaraz ateratzeko zailtasuna handitu bertzerik ez da egiten». Horrekin batera, «euskara erabiltzeko» deia luzatu du, «unibertsitatean euskara sustatzea ikasle guztien betebeharra» dela sinetsita dagoelako.

Ikasleekin solasean

Amaia Arraztoa Aleman (Irurita, 1998)
«Lotsagarria da euskarak duen tokia» 

«Lotsagarria» iruditzen zaio Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduan «ikasturte oso bat euskaraz egiteko aukerarik ez izatea»: «Lehendabiziko urtean ia ikasgai guztiak euskaraz egin daitezke, bigarrenean erdiak, hirugarrenean bakarra eta laugarrenean gradu amaierako lana eta hautazkoak aukeratzen dira eta bietan euskarazko eskaintza bakarra da». Berak «gradu guztia euskaraz egin» nahi luke, «eta horrez gain, gradu amaierako lanen euskarazko gaien eskaintza zabalagoa izatea» aldarrikatu du. 

Itziar Agirre Sagaseta (Donamaria, 2001)
«Irakasle eta ikasle euskaldun aunitz gara»

Hutsaren hurrengoa da Zientziak graduan euskarak duen tokia: «gradu berria da eta ez dute ikasgai bat bera ere euskaraz eskaini». Hori «arrunt gaizki» iruditzen zaio, «irakasle eta ikasle euskaldun dezente garelako ikasketak euskaraz egiteko prest». Bere hitzetan, «ez dute kontuan hartzen euskaldunak ttikitatik dena euskaraz egitetik gradu bat bertze hizkuntza batean ikastera pasatzen garela, eta ez dela erraza». Hortaz, «gradu guztietan eta oro har unibertsitatean, euskararen presentzia handitzea» galdegin du.  

Mattin Lopez Tapia (Lesaka, 2001)
«Inpotentzia sentitzen dut egoera ikusita»

«Gradu berria ez bada ere, euskarak ez du toki handirik erizaintzako graduan; gradu osoan hiru ikasgai soilik dira euskaraz». Egoera horretan, «inpotentzia» sentitzen du eta aldi berean, «lotsagarria» dela dio: «ikasleen ia erdiak euskarazko ikasgaiak hautatu ditugu eta ez dut ulertzen nola ez dituzten euskarazko gehiago paratzen». «Osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea» ere aldarrikatu du, eta «horretarako euskaraz ikasi behar genuke». Bide horretan, «unibertsitateak euskararen aldeko apustua egitea» eskatu du.

Janire Etxegia Apezetxea (Goizueta, 2001)
«Bertako hizkuntza bat baliogabetzen ari dira»

Ingeniaritza Biomedikoa graduan ari da eta «amorrua» sentitzen du euskarak duen tokiagatik: «Nafarroako unibertsitatea izanda, euskaraz diren ikasgaiek kredituen %20a baino pisu handiagoa beharko lukete». Areago, «ikasgaiak euskaraz emateko irakasle euskaldunak badirela eta taldea ateratzeko gutxieneko ikasle kopurua badela» dio. «NUPen ikasgaiak euskaraz eskaintzeari baino garrantzi gehiago ematen diote ingelesez eskaintzeari, kontuan izan gabe, bertako hizkuntza bat baliogabetzen ari direla».

Oihane Iriarte Elizaintzin (Arizkun, 2001)
«Euskaldunak kontuan izatea nahi dugu»

Bioteknologia ikasten dihardu eta «oraingoz, kreditu bakar bate ere ez da euskaraz eskaintzen». Gradu berria da eta «hori omen da ikasgaiak gaztelaniaz bakarrik eskaintzearen arrazoia. Hala ere, heldu den urteari begira ingelesezko ikasgairen bat paratu nahi dutela aditu dugu». Baina berak «graduan ikasle euskaldunak badirela kontuan hartzea» eskatzen du, eta «ikasgaiak euskaraz ere eskaintzen hastea» nahi du. «Zenbait irakasle ikasgaiak euskaraz emateko prest daude, baina ez dago soilik beraien esku».  

Iraia Jaurena Etxart (Urdazubi, 1999
«Euskaraz hain guti eskaintzea pena da»

Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako graduan «lau ikasgai bakarrik ditugu euskaraz» eta «pena» du «orain artekoa euskaraz egin eta gero, unibertsitatean hain aukera guti» dituelako. «Ulertzen dut gure graduan guti izanik dena euskaraz ikastea zaila dela, baina eskubidea badugu eta ikasgai batzuk euskaraz egiteko baliabideak badira». Institututik unibertsitaterako aldaketa «hain gogorra ez izateko» lehen urteko ikasgai «guztiak» euskaraz nahi lituzke, eta «oro har graduetako eskaintza handitzea» nahi luke. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun