Honela, Nafarroan, 2018ko kanpaina euskaraz egin zuten herritarren kopurua %17,02koa izan zen Areson eta eta %15,24koa Leitzan. Bi herri horiek bakarrik gainditu dute %10eko langa. Eskualdeari dagokionez, Arantzan %8,28ak, Etxalarren %7,7oak, Igantzi %7,16ak, Goizuetan %4,82ak, Beran %3,39ak eta Baztanen %3,27ak egin dute euskaraz.
Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.
Azken urteotan bezala, errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, aurten alarma egoerak baldintzatuta aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu edo udazkenera atzeratu diren arren. Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen badiera ere, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena. Batetik, datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi direla. Bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko.
Lurralde edo eskualde bakoitzera moldatutako kanpainak
Lurralde, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, eta UEMA ere horren arabera ari da elkarlanean bateko eta besteko erakundeekin.
Nafarroan, esaterako, aitorpen gehienak mekanizatuak dira, beste herrialdeetan bezala, baina ondasunetan aldaketak badira, banketxeetan eta aholkularitzetan zuzentzen dituzte. Beraz, horietarako Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu mezuarekin kartelak zabalduko dituzte leku horietan. Era berean, UEMAko kide diren Nafarroako herrien zerrendarekin ere kartela zabalduko dute, herritarrei datuak hobetzeko gonbidapena eginez.