Nafarroako Aniztasunaren kudeaketa demokratikoaren 2019ko ondorioak aurkeztu ditu Eusko Ikaskuntzak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 31a, 12:00
afarroako lurraldearen kultura, geografia eta identitate-aniztasunari erantzuten zuten hiru udalerritan gauzatu zen proiektua. Horietako bat Baztan izan zen.

2019an abiatu eta, lehenengo fasean Baztanen, Berriozarren eta Castejonen lortutako emaitzetatik, 2020an bizikidetzan sakonduko du Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza markoan kokatutako egitasmoak.

Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan eta Euskarabiderekin sinatutako 2019ko lankidetza markoaren baitan, garatutako Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan proiektuaren emaitzen txostena aurkeztu du. 

Egitasmo honek 2018an Eusko Ikaskuntzak elkarlanean bultzatutako Gure jendea, aniztasuna eta kohesio bideak ekimenean sakontzea bilatu du, eta bi ardatz nagusi hauetan jarri du azpimarra: bizikidetza aniztasunean eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan. Helburu orokorra 2019an bizikidetzarako erreferentziazko marko baterako hurbilketa eta proiektu partekatu baterako aukeren azterketa egitea izan da.

Eusko Ikaskuntzak prozesu ireki, parte-hartzaile eta deliberatzaile baten bidez jardun du Nafarroan 2019an zehar eta Nafarroako lurraldearen kultura, geografia eta identitate-aniztasunari erantzuten zuten hiru udalerritan gauzatu zen proiektua: Eskualdean Baztanen (argazkian), Berriozarren eta Castejonen. Hain zuzen ere, udalerri horiek aukeratu ziren kultura eta nortasun arloetan aniztasun eredu desberdinak irudikatu eta immigrazioari dagokionez errealitate sozio-demografiko oso desberdinak dituztelako.

Hiru toki horietan eratu ziren Herritar Mahaiak, non bertako herritarrek parte hartu zuten eta, ondoren, Gizarte Foroak egin ziren tokiko komunitateetako eragileen, teknikarien eta ordezkarien topaketarako. Azken horietan, gainera, Herritar Mahaietan ateratako emaitzak kontrastatzeko aukera izan zuten.

 

Ondorioak

Parte-hartze guneak ospatu ondoren ondorioztatu daiteke Nafarroa anitza dela, izan ere, parte-hartzaileen artean behin eta berriz errepikatu den ideia da hau. Hiru herrietan aipatu da, baina ikusi ahal izan dugunez, gutxienez hiru modu desberdinetan ulertzen da aniztasun hori. Badugu, lehenik, aniztasuna kontzeptu deskriptibo gisa, besterik ez. Aipamena egiten zaie paisaiari, gastronomiari, folkloreari edo hizkuntzari, eta berez esanahi positiboa ematen zaio, esangura politikorik gabe. Bigarrena, aniztasuna arlo politikoari lotuta. Izaera ezkorra hartzen du askotan, nafarren arteko gatazka politikoa eta gizartearen polarizazioa irudikatzen dituelako. Eta badugu, azkenik, hirugarren adiera bat, arlo kulturalari lotua. Gehienbat immigrazio berriak eragindako kultura aniztasunaz ari gara. Berez oso gai eztabaidatua da gizartean, eta horregatik, nabarmentzekoa da egindako saioetan nahiko esanahia positiboa hartu duela.

Oro har, jarrera abegikorra nabarmendu da kultura, ohitura eta erlijioen arteko bizikidetzan, denontzat aberasgarria delakoan. Hala ere, ezinegon argia sumatu da zenbaitetan, ez baita ikusi besteen aldetik integratzeko asmo sendorik. Azkenik, bitxia da Nafarroaren ezaugarri nagusi modura aniztasuna agertzea eta aldi berean behin eta berriz Nafarroaren berezko nortasun bakarraz hitz egitea.

Elkarrizketarako jarrera erakutsi dute beti saioetako partaideek. Haien ustez, bizikidetza lantzea izan behar da ardatza nafarrek dituzten gatazketan aurrera egiteko, baina gehiegizko polarizazio politikoa eta ideologikoa ikusten dute.

Nolanahi, bizikidetzaren bidean ideia bat edo beste irudikatzera heltzen badira ere, ez dago proposamen argirik oztopo horiei aurre egiteko; ez dira sentitzen gai tamaina horretako erronketan eragiteko, eta zeregin hori Nafarroa mailako eragile nagusien gain jartzeko joera nagusitzen da.

Nafarroan gatazka eragiten duten gaien artean, euskara da alde handiz aipatuena. Euskara gatazka iturri nabarmen modura ageri da aunitzen iritziz, eta are okerrago, adostasunerako aukera gutxi ikusten zaio. Esan gabe doa, gatazka arintzeko premia larria ikusten da oro har, baina negoziatzeko tartea benetan txikia antzematen da: batzuek, adibidez, euskara urratu ezineko eskubide modura ulertzen dute, Nafarroa osoan bete beharrekoa; eta besteek, aldiz, onenean jota, guztiz gai arrotz gisa ikusten dute, haiekin inolako harremanik ez daukana, eta are okerrago, txarrenean jota, baita elementu diskriminatzaile gisa ere hartzen dute, lan arloari dagokionez, esate baterako.

 

Jarraipena

2019. urtean egindako lanaren ondorioetan oinarrituta, Eusko Ikaskuntzak 2020. urtera begira gaian sakonduko du Nafarroako Gobernuaren babesarekin berriro eta bizikidetzan jarriko du begirada. Horretarako, hurrengo helburuak ezarri ditu:

- Herritar gehienek onartuko luketen nafar identitatearen osagaiak izendatzea; edo onartuak izateko prestasun handiena islatzen dutenak.

- Identifikatzea nafar identitatearen zeintzuk osagai izan daitezkeen nafarren arteko banaketa edo gatazka eragiten dutenak.

- Aztertzea, nafar aniztasunaren kudeaketa demokratikoa lortze aldera, ekinbide eta foro egokienak osagai bateratzaileak indartzeko, baita zein erakunde, talde edo komunitateri eskatu beharko litzaiokeen ere erantzukizunik handiena.

- Izendatzea, nafar aniztasunaren kudeaketa demokratikoa lortze aldera, ekinbide eraginkorrenak osagai banatzaileak nolabait indargabetzeko eta kontsentsu berriak gauzatzeko haien inguruan. Era berean, adieraztea zeintzuk izan daitezkeen ere erantzukizun handieneko taldeak, erakundeak edo komunitateak.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun