Aurkeztu zure burua.
Hurbilekoen konpainiaz izugarri disfrutatzen duen 30 urteko neska.
Zer zaletasun duzu?
Euskal dantzak, mendia, liburu on bat… momentuaren arabera bat edo bertze.
Noiz hasi zinen Erreka dantza taldean?
Taldea orain dela hamar urte sortu bazen ere, gutako gehienak ttiki-ttikitatik aritu gara dantzan. Hasieran adinaren arabera banatutako taldeak izaten ziren. Orain dela 10 urte, ordea, adin bakoitzetik dantzan segittu nahi genuen horiek elkartu eta Erreka Kirol Elkartearen parte izatera pasa ginen, Erreka Dantza Taldea sortuz.
Nondik heldu zaizu dantzarako zaletasuna?
Ez dakit ba! Lau urterekin hasi nintzen dantzan (gurasoek animatuta erranen nuke), eta poliki- poliki, gure artean sortu dugun giro onak eraman dit bertan jarraitzera. Familian ere dantzari finak baditut bai, baina batez ere lau trago hartu eta gero! (irriz).
Zenbat lagun zaudete erreka dantza taldean?
18 bat dantzari gaude orain orain (aurten dantzari “gazteak” ere sartu dira eta kopuruak berriro goiti egin du). Gure entsaioak, larunbata goizetan izaten dira, baina emanaldiak hurbildu ahala astean bi entsaio (edo beharrezkoak direnak) egiten ditugu. Aurten erraterako, urteurreneko emanaldia prestatzeko, ortziral eta larunbatetan entsaiatzen dugu.
«Hamar urteotan ilusioa eta dantza taldea bizirik mantentzeko gogoa mantendu dugu»
Nolakoa da zuen arteko giroa?
Asteburu askotan, dantza taldekoek bertze edozeinekin baina denbora gehiago pasatzen dugu elkarrekin; horregatik elkar aguantatzea bertze erremediorik ez dugu! (irriz). Gure arteko giroa bikaina da!
Aurten hamargarren urteurrena duzue... Nolakoa da urte hauetan dantza taldeak izan duen bilakaera?
Urte hauetan herriko musikari, fanfarre, abesbatza… baita herrikoak ez diren bertze talde batzuekin ere dantzatzeko aukera izan dugu. Hainbat tokitan dantzatzeko aukera ekarri digu. Esperientzia hagitz politak izan dira! Mantendu, berriz, gure ilusioa eta dantza taldea bizirik mantentzeko gogoa!
Ohiko dantza saioez gain, urteurrenari keinu egiteko emanaldi berezi bat prestatu duzue. Berezia izanen da?
Emanaldi hau berezia izango da bai, batez ere, dantzari askok parte hartuko dugulako bertan: dantza taldea dagoeneko utzi duten batzuk, oraindik jarraitzen dugunok, gibeletik heldu diren dantzariak… denek parte hartuko dugu. Polita izanen da, berriz ere denak elkarrekin dantzan ikustea!
Zein da dantza taldeak herriari egiten dion ekarpena?
Mendi abesbatzarekin, herriko musikariekin… batera hainbat herritarrengan kulturarekiko interesa “pizten” lagundu dugula iruditzen zait; eta bestetan, San Pedro Egunean, behintzat, adin guztietako jendea emanaldi berdin baten aurrean elkartzea ere lortu dugu. Dantza taldean neskak bakarrik bagaude ere, eskertzekoa da ikusle moduan behintzat, adin guztietako neska-mutilak ikustea. Emanaldi bat guztion artean osatzen baitugu!
«Emanaldia ikusle eta dantzariok osatzen dugu»
Zer herri eta emanaldi da bereziena zuretzat?
Herri bereziena Eratsun. Gu- tti aski falta izaten dute bertakoek gurekin batera dantzan hasteko! Dantza taldearentzat herri berezia da. Emanaldia, berriz, San Pedroetakoa. Lan gehiago eskatzen badigu ere, ikasturtea emanaldi hau antolatzen pasatzen dugu eta ilusioz hartzen dugu.
Dantzarik gabeko asteburu batean...
Zer egiten du jendeak larunbat goiz batean? Nik behintzat ez nuke jakingo zer egin!
Dantza saio baten ondotik...
Dantza taldekoen konpainiaz afari goxo bat, trikitixa eta euskal kantak kantatuz.
Amets bat?
Bertze behin ere, nire familiko txistulariaren laguntzarekin, aurresku bat dantzatzea.