ERRAN.EUS atariak ‘Gorabeherak’ websail berria eskainiko du hamabostean behin

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 26a, 15:00
Nerea Arriola donostiarrak eta Kepa Errasti aretxebaletarrak eginen dituzte aktore lanak websail berri honetan.

Gertuko informazioa entretenimenduko edukiekin osatu nahian, ERRAN.EUS atariak ikus-entzunezko eduki berri bat eskainiko du ortzirale honetatik aitzinera: ‘Gorabeherak’ izeneko umorezko saila

 

Gorabeherak atal laburrez osatutako umorezko sail berritzailea da. Kapitulu guztiak igogailu berezi batean gertatzen dira: hilberriak zerura ala infernura eramaten dituen igogailuan, hain zuzen ere. Bertan, igogailuzain xelebre bat izanen da, Ramon, hurbiltzen diren hildako famatuei harrera egingo diena. Pertsonaia horien artean denetarik izanen dugu. Gehienak euskaldunak izanen dira, baina Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira faltako.

Websaila Ttap aldizkari digitalaren lantaldeak ekoitzi du, eta hainbat ezaugarri berritzaile ditu. Nabarmenena, zalantzarik gabe, formatu bertikalean grabatuta egotea, mugikorretan ikustea errazte aldera. Erran.eus webgunean ere bisiten gehiengoa mugikorretatik dator jadanik, eta hori dela eta, eduki berri hau ezin egokiagoa iruditu zaigu gure erabiltzaileontzat.

Gorabeherak sailaren gidoiak eta zuzendaritza lanak Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak egin ditu, eta Ramon pertsonaia ere berak gorpuztuko du atal guztietan. Harekin batera, Nerea Arriola donostiarra azalduko da pantailan, igogailura hurbilduko diren pertsonaia ezberdinak antzezten. Biek ere lan aparta egin dute, eta bereziki ikusgarria da Nereak atal batetik bertzera jasaten duen itxuraldaketa, karakterizazio prozesu luze eta astunak pasatu ondoren. Atal laburrak eta pantaila txikian ikusteko pentsatuak badira ere, atzetik produkzio lan handia du Gorabeherak sailak.

Websaila Tabakalerako 2deo laborategiaren eta Bertako Igogailuak enpresaren babesaz ekoitzi da. Laguntza horri esker, ekoizpena mimo handiz egin ahal izan da, eta emaitza ortzirale honetan hasita ikusi ahalko duzue (19:30ean), hamabostean behin, ERRAN.EUS webgunean, edota Ttap aldizkarian.

Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anboto, Baleike, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan, eta dohainik eskuratu daiteke Android zein iOS gailuetan, https://labur.eus/ttap helbidearen bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun