Asistentzia eredua berrikusi eta Nafarroako Egoitza Publikoen Sarea sortu behar dela uste du LAB sindikatuak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 25a, 20:30
Elizondoko Zahar Etxeko bizilagunak, joan den urteko Familiaren Egunean.

Egun hauetan agerian geratzen ari da zer-nolako garrantzia duten adinekoen egoitzetan ematen diren gizarte-zerbitzu publiko eta pribatuek, desgaitasunen bat duten pertsonak artatzeko zentroetan, gizarte-zaurgarritasunean dauden pertsona eta kolektiboetan, eta baita zaintza lanak egiten dituzten etxeko langileen garrantzia  ere. LAB sindikatuaren ustez, «zerbitzu horietan, krisia baino lehen prekarietate-egoera pairatzen zuten langileen kolektibo batek lan egiten du, eta egoera hori larriagotu egin da COVID-19arekin».

LABen oharraren arabera, «egoera berri horrek agerian utzi ditu lan baldintza eskasak eta zentro publikoetan zein pribatuetan egiten ari ziren kudeaketa negargarria. Bereziki kezkagarria da hildako edo abandonatutako pertsonak ere agertu direla zentro batzuetan. Ez dago egoitzetan kutsatze kasu masiboak izatea justifikatzen  duen arrazoirik. Enpresek eta garaiz esku hartu ez duten arduradun publikoek zabarkeriaz jokatu dutela egiaztatu ondoren baino ezin dira azaldu. Atzo bertan, Gizarte Eskubideen kontseilariak jakinarazi zuen 51 egoiliar kutsatuta zeudela Nafarroan eta 86 langile bajan sintomak zituztelako».

 

«Gure egoitzetako plantillak lehen egunean hasi zen babes-neurriak falta zirela salatzen»

LABek dioenez, «urrunago joan gabe, Pertsonen Garapenerako eta Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari gerentea tematu zen egoitzak norbera babesteko ekipamenduz hornitu gabe eusten, kasu positiboak agertu bitartean. Hori zentzugabekeria eta arduragabekeria izugarria izan da. Besteak babestu eta zaintzeko lana dugunok, besteak kutsatzen ari gara. Gure egoitzetako plantillak lehen egunean hasi zen babes-neurriak falta zirela salatzen. Ordurako bazekiten egoiliarrak kutsu errazekoak zirela. Eta orain heriotzak».

Gaur egun, lantokietan beharrezko prebentzio- eta babes-neurriak artikulatu gabe jarraitzen dutela ere salatu du LAB sindikatuak. «Epidemia kontrolatzeko orduan eraginkortasuna lortu nahi badugu, ezinbestekoa da langile guztiei norbera babesteko ekipamendua ematea, erabiltzaileei zein langileei testak egitea, espazioa egokitzea sintomak dituzten pertsonak erabat isolatu ahal izateko, plantillak handitzea eta haien lana duintzea, azken finean, segurtasuna eta osasuna lehenestea irizpide ekonomikoen gainetik», dio oharrean.

Azken hamarkada hauetan «egoitzen pribatizazioa eta kontrol falta, familien itoaldi ekonomikoa eta plantillaren prekarietatea –negoziante batzuk aberasteko-» nozitzen ari garela aipatu du LAB sindikatuak: «Lezioa ikasi behar dugu, eta Nafarroako Egoitza Publikoen Sarea sortu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun