ERA.EUS plataformak euskarazko kultur proposamenak eskainiko ditu egunero

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 23a, 13:00

Koronabirusak sortutako egoerara egokitzen ari da gizartea, halabeharrez. Egoera berri honi aurre egiteko, batean eta bestean, hainbat proposamen sortu dira etxean gauden bitartean egonaldia arinagoa izan dadin. Helburu berari begira jarri da era.eus platafoma ere. Euskaraz ikasten duten 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako webgunea da ERA. Haurrak euskaraz hazi eta hezteko ahaleginean ari diren gurasoei hainbat gomendio eta laguntza ematen die webguneak. Orain arteko bide beretik jarraitu nahi du ERAk baita ez ohiko egoera honetan ere. Horregatik, egunero euskarazko kultur proposamen berri bat eskainiko du bere webgunean zein sare sozialetan.

Era.eus webgunean sartuta, orrialdearen eskuinaldean, Eguneko kultur proposamena izeneko atala sortu dute eta bertan egunero ipuin, musika, antzerki edo bestelako ikuskizunen baten berri emanen dute.

Eguneroko pilula horiez gain, bestelako proposamen batzuk ere bildu dituzte eta webgunearen albiste nagusian jarri ikusgai. Egoerara egokitzen: eguneko kultur proposamenak etxeraino izenpean orduka eta jardueraka sailkatu dituzte ikuskizunak, taula batean jasoz. Adibidez, 08:00etan ERAk eginen duen eguneko kultur proposamena zintzilikatuko dute, 10ak aldera Euskalerria Irratiak emitituko duen “Etxeko ipuhinak” izanen da eta 16:00etan ipuinak, musika eta marrazketarako ordua eskainiko dute Irribarrez webgunean. Baina bada hori baino gehiago ere, dantza eta kirola egiteko aukerak ere bildu dituzte, esaterako.

Konfinamendu garai honetan euskara zaintzea ere beharrezkoa denez proposatuko dituzten jarduera guztiak euskaraz izanen dira. Beraz, eman diezaiogun tokia euskarari baita plataforma digitalen bidez ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun