Haur eskolak duintzeko borrokan

G. PIKABEA 2020ko mar. 18a, 06:30

Haur eskolak duintasun eske ari dira. Irudian, Berako haur eskolako hezitzaile bat haur batekin.

Ratioak jaitsi eta soldatak igotzeko eskatuz, mobilizazioak egiten ari dira azken aldian Nafarroako haur eskolak, kalitate oneko zerbitzua nahi dutelako. Baztan, Bortziriak, Doneztebe, Leitza eta Lesakako haur eskolek ere borroka horrekin bat egin dute

Kalitate ona dute helburu, eta horretarako eginahalak eta bi egiten dituzte 0 eta 3 urte bitarteko haurrak hartzen dituzten haur eskoletan. Ezinbertzekotzat jotzen dute haur bakoitzaren garapen prozesua errespetatzea, bakoitzaren beharrak eta erritmoa onartu eta zaintzea; argi baitute haurrek jaiotzen direnetik gaitasunak dituztela eta horiek garatzen utzi behar zaiela.

Bide horretan, hezitzaileak «behatzaile» eta «bidelagun» bihurtu direla diote Baztan, Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesakako haur eskoletako profesionalek. «Jolas momentuetan haurrak libre» uzten dituzte: «espazio egoki bat prestatuz eta haurrei gai direla transmitituz, haurrak bere buruaren irudi positiboa eraikitzen du, bertzeen beharrik gabe helburuak lortzean, poztasun berezia lortzen baitu». Aldi berean, haurrei hurbil daudela sentiarazten diete beraiekin duten lotura sendotuz, «haur bakoitzari behar duten esklusibotasuna» eskainiz: «bazkaria banaka emanez, paketeak edo fardelak aldatuz... Momentu intimo horietan haur bakoitzari protagonismo osoa emanez». Gisa horretara «garapen osasuntsu bat izateko haurrek behar duten segurtasun afektibo eta emozionala lortzen dutela» uste dute hezitzaileek.

Kalitatea ezin bermatuz
Horixe eskaintzen diete haur eskoletan ttikienei, edo bederen hori da nahi dutena. Izan ere, dituzten baldintzekin «zaila» egiten zaie. Are gehiago, «ezinezkoa» dela diote: «kalitate oneko hezkuntza zein den erakutsi digute, haurrak zer behar duen ikasteko formazioa eskaini digute, baina baldintza hauekin ezin dugu hori bermatu». Eskualdeko haur eskoletako hezitzaileen hitzak dira, ezinaren ezinez, haserre daudenak. Beraiek eta Nafarroako bertze haur eskoletako langileek «aski» dela erran dute.

Europak gomendatutako ratioen bikoitzak dira Nafarroan

Nafarroako 0-3 Plataforman bildu dira haur eskolak. Aldarrikapenak, ordea, ez dira orain hasiak. Plataforma 2001ean sortu zen eta bide luzea egin du. Ia 20 urte beranduago ez du lortu urteetan eskatutakoa.

Joan den ikasturte hondarraz geroztik indarberrituta ari da lanean; haur eskola gehiago bildu dira mugimendura, tartean eskualdekoak, eta guztiek bat egiten duten bi eskari nagusi luzatu dituzte: ratioak jaistea eta soldatak igotzea.

Ratioak jaitsi
Europako Batzordeak aholkatzen dituen ratioetatik urruti daude Nafarroakoak. Gehiago ere bai, bikoitzak dira. Europan, 0 eta 1 urtekoen gelan, hezitzaile bakoitzeko gehienez lau ume gomendatzen dituzte eta Nafarroan profesional bakoitzeko zortzi onartzen dituzte. 1 eta 2 urtekoen gelan, Europan profesional bakoitzeko gehienez sei haur izatea aholkatzen dute eta Nafarroan hamabi; 2 eta 3 urtekoetan, berriz, Europan gehienez hezitzaile bakoitzeko zortzi haur aholkatzen dituzte eta Nafarroan hamasei.

Halako baldintzetan kalitate oneko zerbitzua ezin dutela eskaini azpimarratu dute: «ahal dugun guztia egiten saiatzen gara, baina beti ezin da, eta egoera larriak sor daitezke», diote Baztan-Bidasoaldeko haur eskoletako kideek. Bide beretik jo dute Leitzakoek: «formazioan haurrekin banaka egoteko uneak zaintzeko esaten digute, baina ezin dugu. Gela bakoitzean tutore bat dago eta momenturen batean ume batek fardela aldatzeko beharra badu, hezitzaile hori bakarrik dago fardela aldatzeko eta gainontzeko umeei arreta eskaintzeko». Bere ustez, «Europako ratioak errespetatuko balira behaketa beste modu batekoa izanen litzateke, eta giroa bera lasaiagoa». Honela gaineratu dute Baztan-Bidasoaldekoek: «ez da profesionaltasun kontua, hainbertze haurrekin ezin da, eta ez da inorentzat ona».

Hiru kudeaketa eredu
Nafarroako Gobernuak 2007an onartutako martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin arautu zuen Haur Hezkuntzako lehenbiziko zikloa edo 0-3 zikloa. Gisa horretara, haur eskolek bete beharreko baldintzak eta hezkuntza edukiak zehaztu zituzten. Eskolen kudeaketa, ordea, udalen gain dago eta hiru modu daude horretarako: haur eskola batzuk zuzenean udalek kudeatzen dituzte, bertzeak enpresa publiko baten bidez egiten dituzte eta badira enpresa pribatuen bidez kudeatutakoak ere.

Eskualdean, Doneztebe eta Leitzako haur eskolak zuzenean udalek kudeatzen dituzte, hau da, haur eskolako profesionalak udal langileak dira. Baztan, Bera eta Lesakakoak, ordea, enpresa pribatuen esku daude: udalek kudeaketa lehiaketara ateratzen dute eta horrela izendatzen dute kudeaketa lana eginen duen enpresa pribatua zein izanen den.

1.200 euroko 11 sari kobratzen dituzte hezitzaileek

Soldatak igo
Baina kudeaketa eredu horiek soldatetan ezberdintasun nabarmenak sortu dituzte. Baztan-Bidasoaldeko hezitzaileek kontatu digutenez, «eskola publikoetan ari direnen solda- tek ez dute deus ikustekorik enpresa pribatuetan ari direnenekin. Soldaten afera errusiar mendiaren gisakoa da». Nafarroako Gobernuak 950 eurokoa den Lanbidearteko Guttieneko Soldata baino «pixka bat gehixeago» eskaintzen dio hezitzaile bakoitzaren soldatari, «bajak barne». Eta hori «hagitz gutti» dela azpimarratu dute. «Hezkuntzan 1.800 inguru irabazten dute». Eta haur eskoletakoak 1.200 euroren bueltan dabiltza, urtean 11 sari kobratuz eta antzinatasuna kontuan hartu gabe; «enpresa pribatuetan ari direnak autonomoak direla atzendu gabe», diote. Errandakoa berretsi dute Leitzakoek: «gure kasuan, udal langileak gara eta beste egoera batean gaude. Antzinatasuna kontatzen digute, eta Nafarroan hobekien gaudenetakoak izanen gara». Baina garbi dute hori ez dela bidea: «denok lan bera egiten dugunez, soldata bera jaso beharko genuke».

Mobilizazioak
«Diskurtso huts eta itxaropen faltsuekin nazkatuta» daudelako, Eguberrien aitzinetik mobilizazioekin hasi ziren, ratioak jaitsi eta soldatak igotzeko eskaera lau haizetara zabalduz. Iruñean egin zituzten lehenbiziko elkarretaratzeak, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean. Urte hasieratik, ordea, Iruñeko protesta eskualdeko elkarretaratzeekin txandakatzen dute. Martxoaren 26an Iruñean biltzekoak ziren baina koronabirusa dela eta sortutako egoeraren ondorioz, momentuz bertan behera utzi dituzte mobilizazioak.

Tokian tokiko protestak egiteko eremuka antolatu dira. Baztan, Bortziriak, Doneztebe eta Lesakako haur eskoletako hezitzaileak Basaburua eta Ultzamakoekin ari dira elkarlanean eta Leitzakoak Larraun-Sakana aldekoekin. Aldi berean, azken lantalde hori bitan banatu dute: Leitza, Betelu eta Lekunberrikoak alde batetik, eta Sakanakoak bertzetik.

Ez da hori protestarako hartu duten bide bakarra. Ortzegunetan Hezkuntza Departamentura e-mail bidalketa masiboa egiten dute, hezitzaileek zein gurasoek, «hemen gaudela oroitarazteko». Haur eskoletan kontent daude gurasoen, udalen eta herritarren aldetik jaso duten erantzunarekin, baina lanean segitu beharko dutela diote, «borrokarik gabe ez dugulako deus ere lortuko». Gainera, zikloa duindu arteko «borroka luzea» izanen dela sinetsita daude. Bide batez, herritarrei ere luzatu diete mezua, «haurtzaroa zaintzea denon ardura» dela adieraziz. 

 

KRISTINA GOÑI ETXENIKE
BAZTAN HAUR ESKOLA

«Ratioak astakeria hutsa dira, ongizatea eta kalitatea bermatu nahi badugu haur gehiegi ditugu eta soldatak irrigarriak dira. GKE bat garela dirudi, haurrak maite ditugu eta horregatik egiten dugu hainbertzeko lana, baina 0-3 zikloa haurtzaroko etapa garrantzitsua izanda ere, gure lana ez da baloratua».

 

 

JOSUNE IRASTORZA ALZUGUREN
BERAKO HAUR ESKOLA

«Gure esku dagoen guztia egiten dugun arren, ez da nahikoa. Kalitate oneko zerbitzua eskaini ahal izateko haur eta familien ongizatea bermatu behar dugu eta ditugun ratioekin ezinezkoa da. Aldi berean, dugun soldatak ez ditu islatzen gure prestakuntza, etengabeko formakuntza, kudeaketa eta esfortzua».

ANA MAEZTU VILLANUEVA
LESAKAKO HAUR ESKOLA

«0-3 zikloaren garrantziaz gero eta informazio eta kontzientzia handiagoa dago eta profesionalak etengabe formatzen ari gara haurrak ezagutu eta haien beharrei erantzun egokia emateko. Beraz, Nafarroako Gobernuak 0-3 zerbitzua kalitate onekoa izan dadin arduraz jokatu eta neurriak hartzeko ordua du».

SONIA ELIZONDO ERASUN
DONEZTEBEKO HAUR ESKOLA

«Argi ikusi dut haur bakoitzari behar duen denbora eskaintzean, 'egokiak ez diren jarrerak', 'agresibitatea'... gutxitu egiten direla. Haurren beharrak maitasunez eta lasaitasunez asetzeko aukera dugunean, gelako giroa errotik aldatzen da. Lana maite dut baina ditugun baldintzetan inkoherentziak daude».

 

MAXUX SUKUNTZA LARREA 
LEITZAKO HAUR ESKOLA

«Lanerako modua asko aldatu da, eta umeei protagonismoa ematearen garrantziaz ohartu gara. Asko behatu eta beraien beharren arabera jokatzen dugu, behar denean arreta pertsonalizatua eskainiz. Baina ditugun haur kopuruekin oso zaila da eta askotan biziraupen-uneak izaten ditugu».

 

ESKUALDEKO HAUR ESKOLAK

BAZTAN HAUR ESKOLA

68 haurrekin eskualdeko haur eskolarik handiena da Baztangoa. Sei unitatetan banatuak dituzte haurrak: 0-1 urtekotan (16 haur), 1-2 urtekoetan (22 haur) eta 2-3 urtekoetan bina talde (30 haur) dituzte eta lantaldea sei hezitzailek, zuzendaria baina aldi berean hezitzailea denak, bi garbitzailek eta jangelako bi laguntzaileek osatzen dute. Onartutako haur kopuruaren mugan dabiltza, «dena emanda eta ezin ailegatuz», eta beraien lana errazte aldera, zuzendaria hezitzaile lanetan aritzen da. Argi dute, ordea, «hori ez dela afera. Kalitatea eta ongizatea bermatzeko Europak ezartzen dituen ratioekin lan egin beharko genuke». Bereziki eskertu nahi izan dute haur eskolako familien, udal ordezkarien eta gainerako herritarren «inplikazio handia». 

 

BERAKO MUKIXU HAUR ESKOLA

24 haur eta lau hezitzaile –bi lanaldi erdian–, garbitzailea eta sukaldaria dituzte Berako Mukixu Haur Eskolan. Enpresa pribatua izanik plantilla «gure modura» antolatu dutela diote. Nafarroako Gobernutik hiru lanaldi oso ezarri dizkiete, baina horietatik bat bitan banatu dute «goizetan langile gehiago izatea interesatzen zaigulako. Bi langile lanaldi erdian aritzeko prest agertu izana aprobetxatu dugu. Hala ez balitz, hezitzaile bat guttiago izanen genuke». Ez hori bakarrik. «Zuzendari bat behar genuke eskolan, baina zuzendari izan beharko lukeena hezitzailea da eta talde bat hartzen du bere gain». Hala, «magia eta sakrifizioak eginez» moldatu dira. «Aurten matrikulazioa jaitsi zaigu, baina heldu den urtean goiti egiten badu, ez dakigu nola moldatuko garen».

 

LEITZAKO ITZAIRE HAUR ESKOLA

Lau taldetan banatuta, 44 haur dituzte Leitzako Haur Eskolan eta horiez arduratzeko lau tutore, zuzendaria, behar bereziko hezitzailea, jangelako bi laguntzaile eta garbitzailea. Udal langileak diren aldetik «pozik» daude, baina ratioekin ezin dute: «bi gela osotara beteta ditugu eta besteetan plazaren bat libre dugu, baina mugan gaude». 0-1 urteko gelan sei haur dituzte, 1-2 urtekoetan bi gela gehienezko kopuruarekin beteta, 12 eta 13 haurrekin –bat behar berezikoa, laguntzailearekin–, eta 2-3 urtekoetan 13 haur. Zuzendaria laguntzaile lanetan aritzen bada ere, «momentuaren arabera hezitzailea bakarrik» gelditzen dela baieztatu dute: «haur batek arreta pertsonalizatua behar badu, hezitzailea bakarrik dago haur horri eta gainerakoei arreta eskaintzeko».

 

DONEZTEBEKO ASKIN HAUR ESKOLA

Haur eskola «txikia eta oso familiarra» dela kontatuz aurkeztu digute Doneztebeko Askin Haur Eskola, eta kontent daude «aurtengo egoera berezia eta ona» dutelako: «bi gela ditugu eta gela bakoitzeko bi hezitzaile gaude. Txikien gelan 16 haurrekin bi hezitzaile gara eta handien gelan 14 haurrekin beste bi hezitzaile, guztiak lanaldi osoan». Horrez gain, zaintza momentuetan haurrek behar duten arreta pertsonalizatua eskaintzeko laguntza jasotzen dutela azaldu digute. Alde horretatik, ikasturte honetan, «lanean ongi moldatzeko nahikoak» direla azpimarratu dute. Baina argi mintzatu dira: «egoera hau urtero aldatzen da, haur kopuruaren araberakoa izaten baita». 

 

LESAKAKO MAGALA HAUR ESKOLA

Iaz sortu zen Lesakako Haur Eskola eta aurtengoa lehenbiziko ikasturtea dute. Hala, «haur guttirekin eta plantilla osoarekin» ari dira lanean: «0 eta 2 urte bitarteko 12 haur ditugu eta bi hezitzaile eta zuzendaria gara». Alde horretatik, egoera «berezia» dutela diote, baina aldi berean, «haur eta hezitzaileon egunerokoan hagitz lagungarria» zaie: «bakarkako arreta, talde ttikiak, zaintza momentu lasaiak, gurasoei eskainitako denbora, eskolako giroa, haurren beharrei momentuan erantzutea...». Horrela «haurrei ongizatea eta lasaitasuna eta gurasoei konfiantza» eskaintzeko aukera dutela aipatu dute. Baina badakite «gure egoera ez dela erreala eta heldu den ikasturtetik aitzinera bertze haur eskoletakoen egoeran egonen garela: gehiegizko taldeekin eta soldata eskasarekin». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun